Galdera

 

Zein da forma zuzena Ernio mendia idazteko? Ernio ala Hernio? Guk beti h gabe idatzi izan dugu, baina Wikipedian bigarren forma azaltzen da, eta, gainera, Euskaltzaindiak hori lehenesten duela dio. Hala al da?

 

Data: 2012/11/16



Erantzuna

 

Galdetu diguzu ea nola idatzi behar den, Ernio ala Hernio.

 

Erantzuna: Hernio idatzi behar duzu.

 

Toponimia batzea lan eskerga da, eta apurka-apurka egin beharrekoa. Zer forma hobetsi toponimo bakoitzerako, autoritate batek erabaki behar du. Eta horretan dihardu, hain zuzen ere, Euskaltzaindiak. Ezagunak izango zaizkizu argitaratu dituen arau batzuk toponimiaren gainean: esate baterako, 166.a, Euskal Herriko ibaien izenak finkatzekoa.

 

Toponimia handiko izenak eta beste finkatuta ditu dagoeneko Euskaltzaindiak (http://www.euskaltzaindia.net/dok/eaeb/eoda/udalerriak.pdf helbidean duzu EHko udalerri guztien izenak), baina oso bestelako kontua da toponimia txikia: kaleak, baserriak, tontorrak, iturriak…

 

Emaitza batzuk Euskal Herriko Leku Izenak dokumentu honetan bilduta daude: http://www.euskaltzaindia.net/dok/eaeb/eoda/lekuak.pdf. Ikusiko duzunez, bi erabaki maila esleitzen zaizkie proposatutako formei: batzuk, ‘arau’ dira (esaterako, udalerria delarik, ‘Hernialde’); beste batzuk, berriz, ‘[Onomastika] Batzordeak onarturiko argitalpena’ (esaterako, ‘Hernio’ eta 'Herniozabal' mendiak).


 

Nahiz eta araua ez izan eta bai "Batzordeak onarturiko argitalpena", komeni da noski denok modu berean jokatzea, eta Euskaltzaindiak proposatutako grafia hori onartzea. Gainera, logikak diosku behin-behineko erabaki horiek arau bihurtuko direla aurki.

 

Euskal Mendizale Federazioak aldika-aldika eguneratzen duen Euskal Herriko mendien katalogoaren azken argitalpenean ere jasota dago Euskaltzaindiaren proposamen hori: "Zenbait urtetako zalantzen ondoren, Euskaltzaindiak 2004ko urriaren 29an onartu zuen Gipuzkoarako herri-izendegian, besteak beste, Hernialde izenaren grafia agertzen da. Arau maila duen erabaki honen ondorioz (140 daramana), herriaren izenaren jatorria den Ernio mendiari ere H- hasiera jartzea da zuzenena [...]"