Galdera

 

"Mendira joatekotan, goiz jaiki beharko zenuke" eta "Mendira joan nahi izanez gero, goiz jaiki beharko zenuke" baliokideak dira?

 

Data: 2012/12/12



Erantzuna

 

Galdetu diguzu "Mendira joatekotan, goiz jaiki beharko zenuke" eta "Mendira joan nahi izanez gero, goiz jaiki beharko zenuke" esaldiak baliokideak diren (eta bai bigarrena gramatikala den ere).

 

Erantzuna: Bai, bigarrena gramatikala da eta biak dira baliokideak.

 

1) EIMAren Morfosintaxiaren inguruko Zalantzak eta Argibideak liburuan esaten denez (69.-70. or.), "Perpaus nagusiak adierazten duena baino geroago gertatuko den zerbait adierazten du, egoki erabilita dagoenean, -t(z)ekotan delakoak, eta behar izan eta nahi izan aditzen bidezko parafrasiekin ordezka daiteke halakoetan."

Zer esanik ez, horrexegatik berridatzi daiteke "Mendira joatekotan, [...]" perpausa baldintzazko gisa, baina ez joan aditzarena, baizik eta joan nahi izan delakoarena!

 

2) Gramatiketan-eta, baldintzazko perpaus jokatugabeak erabiltzeko prozeduretan beti aipatzen dira -TUZ GERO (ezezkoetan, -TU EZIK edo -TU EZEAN) eta -TZEKOTAN amaierak, eta askok, hori irakurrita, baliokideak direla uste dute. Erne, baina!:


"Garaiz ailegatzen bagara, pare bat garagardo hartuko ditugu" esaldiaren parekoa beste hau da:

 

"Garaiz ailegaTUZ GERO, pare bat garagardo hartuko ditugu" eta ez:

 

* "Garaiz ailegaTZEKOTAN, pare bat garagardo hartuko ditugu"

 

Aurretik izartxoa (asteriskoa) jarri diogu hirugarrenari, adierazteko ez dela gramatikala (gehienez ere, helburua adieraziko luke).

 

Hau da: "Mendira joaTEKOTAN" eta "Mendira joanEZ GERO" ez dira inola ere baliokideak.

 

2) Konparatu ditzagun benetako perpaus baldintzazko bat eta -TZEKOdun bat, eta ikusiko dugu funtsean, logikaren aldetik, guztiz kontrako erlazioa markatzen dutela:

 

"Garaiz ailegatzen bagara, pare bat garagardo hartuko ditugu" ("Garaiz ailegatuZ GERO, pare bat garagardo hartuko ditugu" ): Baldintzazko perpausean adierazitakoa betetzen bada, orduan perpaus nagusikoa ere beteko da:

 

[garaiz ailegatu → pare bat garagardo hartuko]

 

"Mendira joateKOTAN, goiz jaiki beharko zenuke". Honetan, kontrara, perpaus nagusikoa bete behar da perpaus menderatukoa betetzeko:

 

[mendira joan ← goiz jaiki]

 

3) -TZEKOTAN forma bat da, eta ez dauka berez esanahi bakar bat. Jakiteko zer balio hartu ditzakeen, kontsultatu ezazu Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-VII (Perpaus jokatugabeak); interesatzen zaizun informazioa, gehienbat, 3.5 atalean dago, 218.-229. orrialdeetan. Zoritxarrez, Euskal Gramatika. Lehen Urratsak obraren aurreko beste liburu guztiak pdf formatuan dauzkagu dagoeneko sarean, baina ez VII. hori: paperean baino ezin dezakezu eskuratu (noiz edo noiz, zintzilikatuko dute, besteak bezala).