Galdera

 

Zelan esango zenukete: merkatalguneetan denetarik egin dezakegu, "desde ir a la peluquería hasta cenar en una taberna". Bururatzen zaidan bakarra hauxe da: "dela ileapaindegira joan, dela tabernan afaldu..." 

 

Data: 2012/12/17



Erantzuna

 

 

Jakina, zenbanahi itzulpen egoki egin litezke, baina emango dizugu bat, beste ezer komentatu baino lehen:

 

“(Saltoki-gune handietan, denetik egin daiteke,) ile-apaindegira joatetik hasi eta taberna batean afaltzeraino”.

 

Hori esanda, aprobetxatuko dugu zure kontsulta itzultzearen gaineko ohar batzuk egiteko:

 

1) Izan gogoan: Itzultzea da testu batek esan nahi duena beste hizkuntza batean ematea, ahalik eta hizkera natural eta jatorrenean adieraztea. Hau da, formak ez dira zertan itzuli: ez da kalkatu behar (euskaraz, oso arriskutsua gertatu liteke kalkatzea, tipologiaren aldetik guztiz desberdinak dira-eta euskara eta aldameneko erdarak).

 

2) Beraz, testuaren asmoa zein den (zabalkunde-testu arrunta, kartel baterako testua, formalismozkoa...), norako eta norentzat den (hartzailearen kultura maila, hizkera… aintzat hartuta), modu batean edo beste batean euskaratu beharko genuke. Horretxegatik nabarmendu dizugu gorago zenbanahi itzulpen egoki egin litezkeela.

 

Esaterako:

“Saltoki-gune handietan, denetik egin daiteke: ile-apaindegira joan, taberna batean afaldu…, denetik”.

 

3) Erdal testua egokia bada, noraino hurbildu eta noraino urrundu? Goiburu bat eskainiko dizugu, testuak euskaratzen ibiltzen garenok burdinaz markatuta izan beharko genukeena: “AHAL BEZAIN HURBIL; BEHAR BEZAIN URRUN”. Hain zuzen ere, irizpide hori erabilita euskaratu dugu zure testua.

 

4) Hurbildu egin gara jatorrizkora, asko hurbildu ere, eta emaitza bada euskara natural eta jatorra, gure ustez. Baliteke, ordea, batek baino gehiagok gure euskal ordaina kalko okerra dela pentsatzea. Seguruenik, kalkoa izango da, bai, sortzez garbitzat (jator-jatortzat) jotzen ditugun egitura asko eta asko bezala, baina ez okerra: helbide honetan dituzu hainbat adibide, egunkarietatik eta liburuetatik ateratakoak. Haietako batzuk aldatuko dizkizugu hona:

 

Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta (EHU, 2004)

 

Pfisterrek oso jokabide esanguratsua, eta aski eztabaidagarria, hartu zuen bere liburuan; gaixoaren analisi-elementuak azaltzetik hasi eta gaixo horren koadroen muin psikologiko eta "biologikoaren" (sic) azalpen baterainokoak ematen ditu, eta espresionismo osoaren muin psikologiko eta biologikora zabaltzen ditu bere ondorioak.

 

Trapuan pupua, Patziku Perurena (Erein, 2001)

 

Eta hartatik gero "preparar o liar los bártulos, bartulear, bartuleo" esaerak, biaje baterako prestatzetik hasi eta munduan nolanahi samar ibiltzerainoko zentzua adierazi izan dutenak.

 

Lur bat haratago, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2000)

 

Bai, badakit oso liburu diferentak direla, konparaezinak eta juntaezinak alde batetik, jeneroetarik hasi eta prosaren azken gorabeheretaraino; […]

 

Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005)

 

Saio hauek ez dute denek formaltasun maila bera: hirietako zinematoki edo antzokietatik hasi eta herriko jaietako plazako saioetaraino doaz, pilotalekuetako saioetatik eta bertso-afarietatik pasata.