Galdera

 

Euskalbar tresna erabiltzea gomendatzen diguzuela ikusi dut zuen erantzunetan. Esango al didazue nola egin?

 

Data: 2012/12/19



Erantzuna

 

Galdetu diguzu nola erabiltzen den Euskalbar.

 

Aurreko batean, gramatika irakasteko materiala eskatu zigun irakasle batek. Erantzunaren zati batean ("Non aurkitu nola esaten den euskaraz'"), Euskalbar aipatu genion, eta deskargatzeko esteka eman:

 

Euskalbar (https://addons.mozilla.org/es-es/firefox/addon/euskalbar/)

 

Ikusten duzunez, Euskalbar delakoak Firefox nabigatzailerako bakarrik balio du. Beraz, ezin da instalatu ez Internet Explorer-en ezta beste nabigatzaile batean ere.

 

Nola instatalatu eta gero harekin nola jokatu ikasteko, EHUkoek behin hala zintzilikatutako tutorial bat duzu helbide honetan:

 

Tutoriala: http://www.euskara-errektoreordetza.ehu.es/p267-content/eu/contenidos/informacion/ehulku_aholku_guztiak/eu_guztiak/adjuntos/euskalbar.pdf

 

Barran, hainbat hiztegi-eta topatuko dituzu; hainbeste, non denak ezin izango dituzun bistaratu, pantaila tamaina ertainekoa izanez gero. Hiztegi guztiak ez dituzu erabiliko; eta, erabiliko dituzunetan, batzuk beste batzuk baino maizago. Beraz, komeni zaizu zeuretzako menua prestatzea, gehien kontsultatuko dituzun hiztegiak lehenetsiz. Nork berea egin beharko luke, zein diren beraren premiak; guk, esaterako, Elhuyar eta Zehazki orokorretara behin eta berriz jotzen dugu noski, baina, berba edo egitura bat nola erabili den eta nola erabiltzen den gaur egun jakiteko, sarritan jotzen dugu Euskaltzaindiaren hiztegi historikora (Orotariko Euskal Hiztegia), hitz bakoitzaren pean historian hartu dituen adiera guztiak eta adibide ugari eskaintzen dizkigulako; eta 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen dituen Ereduzko Prosa Gaur corpusera...

 

Besterik gabe. Instalatu ezazu, saltseatu pixka batean, eta, zerbait ulertu ezik, egiguzu berriz ere kontsulta; esaterako, galdetzeko ea zein diren hiztegirik onenak helburu jakin baterako. Badakizu non gauden; beti izango gaituzu laguntzeko prest.