Galdera

 

Nola esan behar da, delegazioa ala delegaritza? Ala biak daude ondo?

 

Data: 2012/01/27



Erantzuna

 

Ez erabili delegaritza; delegazio hitza onartuta dago, baina ordezkaritza hobesten du Euskaltzaindiak.

 

 

a) Garai batean, oso ohikoa zen (instalatu, ebaluatu, aplikatu, kalifikatu, manifestatu, transformatu...) mailegatutako aditzei -era, -keta, -kuntza, -pen/-men... euskal atzizkiak eranstea, eta halaxe sortu ziren zalantzazko hibrido ugari: instalakuntza, ebaluaketa, aplikapen, kalifikapen, manifestapen, transformakuntza (eta diputapen xelebre hura, eta delegaritza)... Seguruenik, (gehienetan, Hego Euskal Herriko) euskaldun askoren txiki-konplexuaren isla dira: hala jokatuta, pentsatzen zuten (genuen!) ez zela hain nabarmena erdararekiko morrontza. Gaur egun, berriz, bestelakoa da joera: onartu, eta bultzatu ere egiten da -zio atzizkia maileguetan: instalazio, ebaluazio, aplikazio, kalifikazio, manifestazio, transformazio, diputazio, delegazio...

 

b) Euskal hitzen forma estandarrak zein diren erabakitzea da Euskaltzaindiaren betebehar garrantzitsu bat, eta forma horiek guztiak Hiztegi Batuan zehazten ditu (Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran duzu, beste hiztegi askorekin batera, Hiztegi Batua). Bertan kontsulta egin, eta hauek topatuko dituzu:

 

1. ebaluaketa* e. ebaluazio

2. ebaluapen* e. ebaluazio

3. delegaritza* e. ordezkaritza

4. delegazio iz. Zuz. (hobestekoa da ordezkaritza.)

 

Baina, zer adierazten du izartxoak (*)? Hitzaren forma hori ez dela erabili behar, ez dela zuzena euskara batuan. Eta 'e.' laburdurak, zer esan nahi du? Ondoko forma erabiltzeko agintzen du.

Beraz,

 

1. "Forma okerra da ebaluaketa; erabili ebaluazio".

2. "Forma okerra da ebaluapen; erabili ebaluazio".

3. "Forma okerra da delegaritza; erabili ordezkaritza".

4. Zuzentzat jotzen du, berriz, delegazio forma; baina ordezkaritza erabiltzea hobesten.