Galdera

 

Zelan esan dezakegu 'dia de puertas abiertas'?

 

Data: 2013/02/15



Erantzuna

 

Hona gure proposamenak:

 

día de puertas abiertas = ateak zabaltzeko eguna / jardunaldi irekia

 

 

1/ Saiatuko gara apur bat arrazoitzen zergatik aukeratu dizkizugun horiek:

 

Badaude klasiko batzuk euskal itzulpengintzan, eta jornada/día de puertas abiertas da haietako bat.

 

Askotan, itsutu egiten gara pentsaturik erdarazko forma sakralizatu egin behar dugula, eta ez dagoela modurik esapide jakin bat modu autonomoan emateko. Hala, cambio de sentido trafikoko termino ezaguna euskaratzeko, zentzu-aldaketa, norabide-aldaketa, noranzko-aldaketa... erabili ziren, harik eta itzultzaile buruargi batek itzulbide bikaina proposatu arte.

 

Gaztelaniazko formaren sintaxia ezin da beti itsu-itsuan kalkatu; esaterako, euskaraz ez dago egitura predikatibo adjunturik: "Y cuando llegues / allí me tendrás / para ti / con los brazos abiertos" esaldia euskaratzeko, ez dago "beso zabalekin" esaterik, adibidez; Gatibu taldeak ondo baino hobeto daki hori: "Eta heltzen zarenien / hor eukiko nozu / zeuretzako / besoak zabalik". Parekoak dira beste hauek: "Vino con la camisa toda rota", "Me encanta su imitación de Korta enfadado"..., bai eta jornada/día de puertas abiertas hori ere.

 

Beraz, ate irekien eguna, ate irekietako eguna, ate irekiko eguna, ate zabalik eguna, ateak zabalik eguna... eta antzekoak, gure ustez, ez daude zuzen eraikita (izenburuetan, jakina, zuzena da "Ateak zabalik").

 

2/ Euskalterm banku terminologikoan, ateak zabaltzeko eguna geuk proposatutako esapide guztiz gramatikala ageri da, eta badirudi apurka-apurka nagusituz doala komunikabideetan: azken arrazoi horregatik proposatu dizugu, nahiz eta ez izan guretzat gustukoena seguruenik. Elhuyar erakundean eta beste hainbatetan, berriz, jardunaldi irekia gure bigarren aukera erabiltzea bultzatzen dute, guztiz gramatikala eta maiz erabilia.

 

3/ Beste aukera batzuk hauek izan litezke, gaztelaniazko formatik askeago jokatuta eraiki ditzakegunak: Bisitarien eguna, Bisita egiteko eguna, Ikastetxea erakusteko eguna, Ikastetxea (bertatik) ezagutzeko eguna... Haietako bat gustukoa baduzu, erabili beldur gabe, ondo ulergarriak dira-eta den-denak; are gehiago, zeuk ere asmatu dezakezu besteren bat horien guztien ildotik.