Galdera

 

Posible da 'izerdiz blai' erabiltzea, 'izerditan blai'ren pare? 'Musikaz blai' entzun izan dut inoiz. 

 

Data: 2013/01/15



Erantzuna

 

Galdetu diguzu ea IZERDIZ BLAI esapidea zuzena den.

 

Erantzuna: BAI, ZUZENA DA.

 

Zer bide daukagu jakiteko nola erabiltzen den blai hori?

 

a/ Gaur egun, errazena da Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzea (2012an argitaratu zen; beraz, atzo bertan), eta blai sarrera lexikala kontsultatzea, ea suerte apur batekin adibideetan argibiderik topatzen dugun:

 

blai adlag. Erabat bustirik. Izerditan blai. Begiak malkoz blai.[...]

 

Egin dezagun aurrera, adibide gutxi dira eta.

 

b/ Normalean, gehienbat beste bi iturritara jotzen dugu guk horrelakoak argitzeko: Euskaltzaindiaren hiztegi historikora (Orotariko Euskal Hiztegia), hitz bakoitzaren pean historian hartu dituen adiera guztiak eta adibide ugari eskaintzen dizkigulako; eta 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen dituen Ereduzko Prosa Gaur corpusera; gainera, oso eroso egiten zaigu gaur egun bertan bilatzea, bi-biak daudelarik Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran.

 

Halaxe egin dugu, eta gure bilaketaren emaitzak erantsita doazkizu:

 

Orotariko Euskal Hiztegikoak, dokumentu erantsi gisa.

 

Ereduzko Prosa Gaur-koak, berriz, esteka honetan: -Z BLAI egiturarako adibideak baino ez dizkizugu bilatu hemen; 'PRENTSA' eta 'LIBURUAK' bi erlaitzetan sakatu, eta bistaratuko dituzu adibideok: merezi du pazientzia bildu eta denak irakurtzea, ikusi dezazun nola erabiltzen duten gure idazleek (baita punta-puntakoenek ere) egitura hori lasai-lasai.