Galdera

 

Nola esan euskaraz 'Es peor el remedio que la enfermedad'?

 

Data: 2013/01/27



Erantzuna

 

 

Hau erabiltzea aholkatzen dizugu: "Gaitza baino okerragoa, erremedioa".

 

 

1/ Hizkuntzetan, irudi batzuk finkoak eta aldaezinak dira: esapideak, atsotitzak... Forma alde batera utzi, eta egoeraren aldetiko egokitasuna bilatu behar dugu euskaraz ematean: zenbaitetan oso zaila da, publizitate kanpainetan kasu, hitz-jokoa tartean dagoenean...

 

Atsotitzak gizarte tradizional baten isla izaten dira, eta, gehienetan, erraz topatu litezke Europa mendebaldeko hizkuntzetan ideia jakin bat adierazteko esaera zahar baliokideak; batzuetan, baita elkarren arteko kalkoak diruditenak ere.

 

Adibide batzuk:

 

La carabina de Ambrosio = Astoaren arrantza / Horren hitzak eta atariko haizea... biak bat

Ez gatz ez berakatz (Ez erdu ez merdu...) = Ni fu ni fa

Zozoak beleari ipurbeltz = Ver la paja en el ojo ajeno y no ver la viga en el propio

La mala hierba nunca muere = Belar gaiztoak zainak luze

 

 

2/ Jakina, modu batean baino gehiagotan eman liteke zurea euskaraz, gaztelaniaz ere modu batean baino gehiagotan eman litekeen bezala:

 

a/ Elhuyar hiztegian, esaterako, formula hau eskaintzen dute:"Gaitza baino erremedioa okerragoa izan"; erdarazkoaren pare-parekoa, beraz.

 

b/ Izaera askotako, iturri askotako eta garai guztietako esapideak biltzen dituen Justo M. Mokoroa "Ibar"ren Ortik eta emendik obra erraldoian, baliokide hau topatuko duzu: "Surra (sudurra) kendu-ezkero odola aora" = "Sudurra kenduz gero, odola ahora", Kirikiño famatu haren iloba Rosa Bustintzak ("Mañariko Errose", "Azkor") Euzkadi egunkari jeltzalean aipatutakoa, Errepublika garaian.

 

(Elhuyar hiztegia eta Mokoroarena Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran dituzu)

 

c/ Esaera zaharren baliokideak aurkitzeko, oso tresna erabilgarria da Gotzon Garateren Atsotitzak obra (zorionez, Interneten ere badaukagu: http://www.ametza.com/bbk/htdocs/garate.htm).Hona zer dioen zure kontsultari buruz:

 

Euskaraz:

"Etxea urra zezana egur egiteko, xaz (igaz) bero zedin, aurten hotzez hiltzeko" ("Iaz etxea egur egiteko urratu zuena berotu zedin, aurten hotzez hil")

 

"Gaitza baño, erremediua txarraua" ("Gaitza baino, erremedioa txarragoa")

"Bertzgin (pertz egile) gaxtoak xilo baten tapatzeko, altxatzen (kentzen) diotza bertzari zatikoak" ("Pertz egile gaiztoak, zulo bat tapatzeko, kentzen dizkio pertzari zatitxoak")

"Subiak hil eta subekumiak bizi" ("Sugeak hil, eta sugekumeak bizi")

"Tupina emendatuz gaixtotzen da"

 

Espainolez:

 

"El mal calderero, abre diez para tapar un agujero" (pertz egilearena)

 

d/ Amaitzeko, Nola erran frantses-euskara hiztegi elektroniko bikainean,

 

"Le remède est pire que le mal" = "Gaitza baino txarragoa da sendabidea", hau ere gaztelaniazkoaren parekoa, bistan denez.

 

 

3/ Ulertuko duzu honezkero zergatik aholkatu dizugun erdararen parekoa erabiltzea. Iturri gehienetan aipatzen da, eta guztiz da ulergarria erdarazkoa ezagutzen duenarentzat: bestelako bat erabiliz gero, gertatu liteke entzuleak edo irakurleak ez ulertzea (gero eta gutxiago erabiltzen ditugu esaera zaharrak, gorago aipatu dizugun gizarte tradizionalak porrot egin duen heinean).

Zeuk aukeratu behar duzu gustukoena, ordea.