Galdera

 

Zelan esan behar dugu? 'Txinatar urtea' ala 'urte txinatarra'? 'Txinatar urte berria' ala 'urte berri txinatarra'? 

 

Data: 2013/02/04



Erantzuna

 

Galdetu diguzu ea zelan esan behar den euskaraz, urte txinatarra edo txinatar urtea (urte berri txinatarra edo txinatar urte berria).

 

Erantzuna: Forma biak dira zuzenak, urte txinatarra eta txinatar urtea.

 

1/ Dakizunez, gaur egun eskuinean joaten dira izenondoak (adjektiboak) euskaraz, baina badira adjektibo batzuk izenaren ezkerretara zein eskuinetara ageri daitezkeenak (ikusi Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak, I, 158.-161. or.):

 

-dun atzizkiarekin osatutakoak:

 

dirudun neska edo neska diruduna

 

Jentilizioak (pertsonak nongoak diren adierazten duten adjektiboak, hain zuzen ere); gehienetan, -(t)ar atzizkia erantsiz osatutakoak: igorretar (igorreztar), donostiar, txinatar...

 

Txinatar soldaduak, frantziar gobernua, portugaldar itsasgizonak... (hiru adibideok Euskaltzaindiaren Hiztegitik atera ditugu)

 

2/ Konturatu zaitez, ordea, Euskaltzaindiaren Hiztegitik hartutako adibideotan izenaren ezkerrean ageri dela beti.

 

Izan ere, Ibon Sarasolak bere Euskara Batuaren Ajeak liburuko 88. orrialdean azaltzen duenez (GoogleBooks-en duzu fusilatuta), euskal tradizio idatzian ia salbuespenik gabe agertzen dira frantziar idazlea bezalako joskerak, eta, Gotzon Garatek artikulu batean dioen bezala, joskera hori da nagusi baserri euskaran (kutsatu gabeko euskaldunen hizkeran, esan nahi du). Beraz, badirudi urte txinatarra baino jatorragoa-edo dela txinatar urtea.

 

Harrigarria bada ere, Sarasolak berak dioenez, kontrako joera zegoen -dun atzizkiko adjektiboekin: aulki besoduna joskerak besodun aulkia delakoak baino tradizio nabarmen hobea omen du, haren hitzetan.Eta salatzen du gaurko joera tradizioaren kontrako bidea hartzen ari dela: pintore estatubatuarra eta besodun aulkia bezalakoak nagusitzen ari direla, tradizioaren kontra, hain zuzen ere.

 

3/ Amaitzeko: Zuzentasunaren kontrako bekatu asko egiten dira adjektibo hauen kontura:

 

Esan bezala, bi salbuespen baino ez daude posizioari dagokionez, eta, beraz, baztertzekoak dira sozial laguntzak, ekonomiko arazoak, nazional hizkuntza...

Oinarriak leku-izena izan behar du, eta ez maileguz hartutako jentilizioa: Ez erabili, beraz, arabear, europear, musulmandar...; euskaraz, arabiar (arabe), europar, musulman... dira zuzenak.

Normalean, gizakiei dagozkie -(t)ar amaierako adjektiboak: nafar soldaduak, jerusalemdar fariseoak, elorriotar gizon done bat... Muga batzuk, beraz, jarri beharrekoak direla uste dugu: ez erabili kale eibartarrak, baina bai Eibarko kaleak; gazta holandarra baino zuzenagoa da Holandako gazta; Frantziar Iraultza baino hobeto dago Frantziako Iraultza... Joera, ordea, txinatar produktuak, txinatar karaktereak... eta horrelakoak erabiltzekoa da, dirudienez; baita zure txinatar urtea ere.