Galdera

 

Bi esaldi hauetatik, zein da egokiagoa?


-Ehuneko 10eko deskontua, txartelaz ordainduz gero.

-Ehuneko 10eko deskontua, txartelarekin ordainduz gero.

 

 Data: 2013/03/17



Erantzuna

 

Galdetu diguzu "Ehuneko 10eko deskontua, txartelAZ ordainduz gero" eta "Ehuneko 10eko deskontua, txartelAREKIN ordainduz gero" esaldietan zein d(ir)en zuzena(k), edo, bestela formulatuta, zer kasu erabili behar den: ZERTAZ/ZEREZ edo ZEREKIN.


Erantzuna: "
Ehuneko 10eko deskontua, txartelEZ ordainduz gero" eta "Ehuneko 10eko deskontua, txartelAREKIN ordainduz gero", BIAK DIRA ZUZENAK.


1/ ZERTAZ/ZEREZ kasuak nolabaiteko joera du mugagabean joateko: horrexegatik proposatu dizugu "txartelEZ ordaindu", eta ez "txartelAZ ordaindu". Dirudienez, -AZ amaiera hori bizkaierazko -AGAZ soziatiboaren (NOREKIN kasuaren) markarekin nahastu da (hizkuntza mintzatuan -AZ ebakita laburtzen baita bizkaierazko marka): "VISA txartela(re)kin/txartela(ga)z ordaindu", eta hortik ei dator ZERTAZ/ZEREZ kasua erabiltzearen inflazioa.

Kontu honetarako, irakurri Juan Garzia Garmendiaren Kalko Okerrak, 46-47 orrialdeak.


2/ Hizkera batzuetan ia desagertzear zegoen instrumentala (esapide jakin batzuetan izan ezik), eta haren ordez soziatiboa (NOREKIN kasua) erabiltzen zen/da. Alfabetatze prozesuarekin, ordea, kontrako joera nagusituz joan da: hainbeste, non berez ezinbestean NOREKIN kasua erabili beharreko testuinguruetan ere sasiko instrumentala bultzatu den.

NOREKIN kasuak zer funtzio dituen aztertzean, Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak (EGLU) I obran esaten da:


« [...] Kasu hau [NOREKIN] kausa edo instrumentaltasuna adierazteko erabil daiteke; adibidez:


            Makila honekin jo dut.
            Liburu harekin, dakidan euskara guztia ikasi dut.
            Soka ebaki zuen labana batekin.
            Bero honekin ezin da lanik egin.  »

Beraz, guztiz zuzena, jatorra eta egokia da "txartelAREKIN ordaindu" esatea eta idaztea.


3/ Amaitzeko:


Interesgarria da, dena dela, ikustea gaur egungo idazleek bi forma horietatik zein erabiltzen duten gehien. Hori jakiteko, 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen dituen Ereduzko Prosa Gaur corpusera joko dugu; gainera, oso eroso egiten zaigu gaur egun bertan bilatzea, Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran eskura daukagularik. Hona emaitzak, ondo esanguratsuak, gure ustez:


            Hamabi aldiz ageri da "txartelarekin ordaindu": esteka honetan dituzu esaldiok.
            Behin bakarrik "txartelaz ordaindu": esteka honetan duzu aipu hori (bidenabar esanda, ez dago  "txartelez ordaindu"ren adibiderik, baina horrek ez du esan nahi lehen puntuan aipatu dizuguna gezurrezkoa-edo denik).