Galdera


 

Heziketa Bereziaren arloko terminologiari buruzko kontsulta egin nahi dizuet; jakin nahi nuke zein izan litezkeen ikasle batzuen egoerak deskribatzeko erabiltzen diren gaztelaniazko zenbait berbaren euskarazko ordain egokienak:

 

dificultad

deficiencia

discapacidad

minusvalía

incapacidad

invalidez

 
Guk hauek erabiltzen ditugu:

zailtasun
urritasun
ezgaitasun
gutxitasun
ezintasun
baliaezintasun


 Data: 2013/03/22



Erantzuna

 

 

Lotsaz, beldurrez eta zalantza askorekin, hauek proposatuko dizkizugu:
  

dificultad

deficiencia

discapacidad

minusvalía

incapacidad

invalidez

zailtasun

urritasun

desgaitasun

minusbaliotasun

ezintasun

baliaezintasun

 

 

Ez da galdera makala egin diguzuna, gero!: oso kontu irristakorra izaten da terminologiarena hizkuntza guztietan.

 

1/ Terminologiaren gaineko zenbait ohar:

Askotan, adituok bakarrik dakizue zertan den hurbileko bi terminoren arteko aldea, zeuok sentitzen duzue kontzeptu desberdinak bereizteko termino bat baino gehiago erabiltzeko premia, zeuok nabaritzen duzue terminoen segida batean nolabaiteko mailaketa… Hori, berez, EZ da arazoa baldin eta tartean zaudeten guztiok berdin erabiltzen eta ulertzen badituzue (zure kasuan, Hezkuntza, Psikologia, Zuzenbidea, Gizarte Ongizatea… esparruetakook).


Adibide xume bat ekarriko dizugu, esandakoaren erakusgarri. Noizbait, observación (del alumno) sasiterminoa sortu zen erdaraz (hezkuntza erreformarekin batera, seguruenik), eta euskal eskola komunitateak ezinbestekotzat jo zuen haren ordaina topatzea; jakina, (ikaslearen) behaketa plazaratu zen, eta hezkuntzako langileok berehala onartu, nahiz eta gehienok behatu aditza ez erabili –eta ez jakin erabiltzen–. Zer esan nahi duen galdetuko baligute, observaciónek biltzen dituen ñabardurak azaltzeko biderik errazena observación bera aipatzea litzateke. Berdin du, ordea: egin du behaketak bere bidea, eta elkarri ulertzeko balio digu hezkuntzako langileoi (ez besteri).

 

Euskaraz, sarri, itsu-itsuka ibili behar izaten dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira; zein bere jakintza arlorako, esaterako. Gero, dena ondo joatera, gizarteratu diren proposamen horietatik bat nagusitzen doa apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den... (mila arrazoi egon litezke). Zorte ona izan ezean, berriz, lehian jarraitzen dute forma batek baino gehiagok, eta erabiltzaileok noraezean ibiltzen gara. Auskalo zer gertatuko den kasu honetan (kontuan hartu Euskaltzaindiak hitz arrunten esanahiak eta formak finkatu behar dituela, eta ez terminoak). Benetan asko aurreratu dugu euskaldunok azken urteotan terminologia kontuetan, baina inguruko erderen eraginak, normalizazio faltak eta gure gabeziek nabarmen oztopatzen dute terminorik egokiena zein izan litekeen aukeratzea, eta hezkuntza komunitatera (gure kasu honetan) zabaltzea.

 

Euskaraz, orain arte, bi berba erabili dira gehienbat (gehienetan bezala) ingelesez sortu zen empowerment (gazt. empoderamiento) kontzeptuaren berri emateko: ahalduntze eta jabekuntza. Ez pentsatu bi forma edo gehiago edukitzea aberasgarria denik hizkuntzarako; kontrara, terminoen kasuan alderantziz izaten da: komeni da benetan haietako bat nagusitzea (dirudienez, ahalduntze irabazten ari da lehia, erakunde publiko gehienek haren alde egin baitute).

 

Beste arazo bat ere badaukagu euskaldunok: uste izaten dugula ezinbestekoa dela (sasi)terminoen bitartez bereiztea gaztelaniaz –edo frantsesez– (sasi)terminoen bitartez bereizten den guztia. Baina kontu kulturala izaten da maiz: esaterako, ingelesez –eta, guk dakigula, frantsesez ere bai– ez dira bereizten grebak eta lan-etenaldiak (lan-geldialdiak, lanuzteak?): denak dira strike, gaztelaniaz ez bezala (huelga eta paro); zer esanik ez, beste baliabide batzuk erabiliko dituzte kontzeptu biak bereizteko, dena esan baitaiteke beste modu batean, dena azaldu baitaiteke (hizkuntza beraren barruko) parafrasiak erabiliz.

 

Hala, guk dakigula, ingelesez berdin esaten dira deficiencia (mental) eta minusvalía: biak ei dira handicap. Eta berdin discapacidad eta incapacidad: biak, disability. Badago incapacity hitza, eta bai incapacidad bai invalidez adierazteko balio ei du.

 

2/ Aztertu ditzagun terminoak banan-banan. Espainiako Hizkuntza Akademiaren hiztegira jo dugu (zure arloari dagozkion adierak bakarrik aldatuko dizkizugu hona); baita –batetik– Elhuyar eta Zehazki hiztegi orokorretara eta –bestetik– EIBZren Hezkuntzako Hiztegira eta Euskalterm terminologia bankura ere, euskarazko ordainak zein izan litezkeen jakiteko.

 

1/ Dificultad: Embarazo, inconveniente, oposición o contrariedad que impide conseguir, ejecutar o entender bien algo y pronto.

·        Elhuyar: traba, eragozpen, oztopo, zailtasun, estorbu

·        Zehazki: eragozpen, oztopo, zailtasun, koska adkor, eragaitz goi.

·        Hezkuntzako Hiztegia: zailtasun (ikasteko zailtasun bereziak dituen ikasle, ikasteko zailtasun / ikastarazo, hizkuntzarako zailtasun…)

·          Euskalterm: zailtasun (eskola-zailtasun, irakurtzeko zailtasunak, hizkuntza-zailtasunak…)

 

Aitortu behar dizugu zailtasun entzun eta printzipioz oso kontzeptu abstraktua etortzen zaigula gogora, eta gure esku balego kualitate hori aditzera emateko baino ez geneukala erabiliko; baina, errealistak izanda, badakigu borroka galdua izango litzatekeela, eta, beraz, onartzea beste erremediorik ez daukagu, ikusirik erabateko nagusitasuna duela.

 


2/ Deficiencia (mental): Funcionamiento intelectual inferior a lo normal que se manifiesta desde la infancia y está asociado a desajustes en el comportamiento.

·        Elhuyar: urritasun

·        Zehazki: urritasun

·          Hezkuntzako Hiztegia: urritasun (adimen-urritasunen azterketa eta tratamendu, askotariko urritasun…)

·          Euskalterm: urritasun (adimen-urritasun, entzumen-urritasun…)

 

Berriz: erabateko nagusitasuna du urritasun formak.

 

 

3/ [Discapacidad: Cualidad de discapacitado.] Discapacitado: (Calco del ingl. disabled). Dicho de una persona: Que tiene impedida o entorpecida alguna de las actividades cotidianas consideradas normales, por alteración de sus funciones intelectuales o físicas.


·        Elhuyar: minusbaliotasun

·        Zehazki: ahalmen urritasun, gaitasunik ez(a)

·         Hezkuntzako Hiztegia: urritasun / ezgaitasun (ezgaitasunari lotutako hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleak, urritasuna duen ikasle / ikasle urritu, entzumen urritasun / entzuteko urritasun, gorputz urritasun, mugitzeko urritasun, urritasun psikiko, zentzumen urritasun, ikusmen urritasun / ikusteko urritasun, urritasunak dituzten pertsonak ez baztertze / pertsona urrituak ez baztertze…)

·          Euskalterm: desgaitasun (adimen desgaitasun, entzuteko desgaitasun, desgaitasunarekiko jarrera, desgaitasunaren ebaluazio…)

 

Kontzeptu honen estatusak ez dirudi besteak bezain finkoa, itxura denez. Seguruenik, hitza bera ere nahiko berria da gaztelanian, ingelesekoaren kalkoa izanik (frantsesez, ez bagaude oker, handicap erabiltzen da kontzeptu honetarako eta zerrendako beste batzuetarako ere). Zalantzok gorabehera, eta kontuan hartuta kontzeptuak bereizteko beharrezkoa duzuela honen ordain bat, desgaitasun forma proposatuko dizugu, Euskaltermen “termino normalizatua/gomendatua” etiketa baitu, eta Psikologia, Osasun-administrazioa, Hezkuntza, Pedagogia… arloetako zerrendetan ageri baita. Zuen ezgaitasun hori parekoa da, desberdin eta ezberdin sinonimoak diren bezala; ezgai, ordea, hitz arrunta da (eta gaiez), eta hain juxtu ezohiko des- aurrizki horrek termino izaera eman liezaioke berbari.

 


4/ Minusvalía: Discapacidad física o mental de alguien por lesión congénita o adquirida.

·        Elhuyar: minusbaliotasun, elbarritasun

·        Zehazki: elbarritasun

·        Hezkuntzako Hiztegia: urritasun

·        Euskalterm: minusbaliotasun, elbarritasun (Psikologian, Osasun-administrazioan) / minusbaliotasun (Gizarte-ongizatean): adimen-minusbaliotasuna duen pertsona, minusbaliatu psikiko, adimen-minusbaliatu, minusbaliotasun-pentsio…

 

Aurrekoan bezala, nahiko zalantzazkoa da kontzeptu honen beregaintasuna: gaztelaniaz, discapacidad berbara jotzen dute definizioa emateko, eta esan liteke sinonimoak ere badirela. Hezkuntzako Hiztegiak jauzi egiten du atzera (bi maila!), eta deficienciarekin parekatzen du. Oraingoan, nahiz eta “termino normalizatua/gomendatua” etiketarik ez izan, minusbaliotasun erabiltzea proposatzen dizugu: ageri da gainerako hiztegietan, eta nagusi da Euskaltermeko adibideetan, hainbat arlotarako. Egia osoa aitortzearren…: ez genuke aurkeztuko hitzik politena aukeratzeko lehiaketetara, ezta?

 


5/ Incapacidad:

o        Estado transitorio o permanente de una persona que, por accidente o enfermedad, queda mermada en su capacidad laboral.

o        Der. Carencia de aptitud legal para ejecutar válidamente determinados actos, o para ejercer determinados cargos públicos.

o        (laboral): Der. Situación de enfermedad o de padecimiento físico o psíquico que impide a una persona, de manera transitoria o definitiva, realizar una actividad profesional y que normalmente da derecho a una prestación de la seguridad social.

·        Elhuyar: ezintasun, ezgaitasun

·        Zehazki: ezintasun

·          Hezkuntzako Hiztegia: ezintasun / ezgaitasun (lanerako ezintasun iraunkor, lanerako ezintasun iragankor…)

·        Euskalterm: ezintasun (arlo askotan, baita Zuzenbidean ere), gutxiegitasun (Medikuntzan), ezgaitasun (Zuzenbidean): ezintasunagatik diskriminatze, ezintasunak baloratzeko talde, ezintasun fisiko edo psikiko…

 

Gehienbat, Zuzenbidea eta Lan-harremanak arloekin zerikusia du kontzeptu honek. Hiztegi guztietan aipatzeaz gain, ezintasun berbak baino ez dauka adiera honetarako “termino normalizatua/gomendatua” etiketa. Beraz, ez daukagu zalantzarik: zuek bezala, guk ere ezintasun erabiliko genuke.

 


6/ Invalidez:

o       [Cualidad de inválido.] Inválido: Dicho de una persona: Que adolece de un defecto físico o mental, ya sea congénito, ya adquirido, que le impide o dificulta alguna de sus actividades.

o        En las relaciones laborales o funcionariales, situación de incapacidad permanente.

·  Elhuyar: baliaezintasun

·  Zehazki: baliaezintasun, elbarritasun, ezindura

·  Hezkuntzako Hiztegia: (ez du jasotzen)

·   Euskalterm: baliaezintasun (arlo askotan, baita Zuzenbidean eta Lan-harremanetan ere), ezintasun (Lan-harremanetan eta Osasun-administrazioan): baliaezintasun-aseguru, zahartzaro eta baliaezintasuneko nahitaezko sorospen, baliaezintasun handi…

 

Gehienbat, Zuzenbidea eta Lan-harremanak arloekin zerikusia du kontzeptu honek ere. Ez dakigu zehatz-mehatz zein den aurrekoaren eta honen arteko aldea, baina, nolabait bereizi beharko bagenu, baliaezintasun aukeratu beharko genuke, maiztasunari bakarrik erreparatuta baino ez bada ere. Gainera, “termino normalizatua/gomendatua” etiketa du, baliaezintasun handi kontzepturako (gran invalidez, gazt.); dena dela, ezintasun iraunkor delakoak dauka etiketa invalidez permanente (edo incapacidad permanente) aditzera emateko orduan.