Galdera

 

Zelan da? 'Dantzatuko gara' ala 'dantzatuko dugu'?

 

Data: 2013/04/20



Erantzuna

 

Galdetu diguzu zelan esan behar den, dantzatu dut edo dantzatu naiz.

 

Hona erantzuna: arauak dio dantzatu naiz dela forma zuzena.

 

1/ Aditz bakoitza zer sailetakoa den, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak diosku (etiketa hauek erabiltzen ditu: da → NOR sailekoa; zait → NOR-NORI sailekoa; du → NOR-NORK sailekoa; eta dio → NOR-NORI-NORK sailekoa). Bada, kontsultatu dezagun Hiztegi Batuan (gogoratu arau estatusa duela bertako guztiak):

 

dantzatu, dantza/dantzatu, dantzatzen. da/du ad.: arratsalde osoan dantzatu naiz (ez *dantzatu dut); aurreskua dantzatu dut; makila dantzatu dut.

 

Beraz, objektu zuzenik egon ezik, dantzatu naiz da forma zuzena. Areago: erreparatu nola nabarmentzen duen dantzatu dut forma EZ dela zuzena.

 

Oso interesgarria da ikustea dantzatu aditzak zer-nolako tradizioa duen, eta nola erabili den tradizioan. Horretarako, iturri paregabea dugu, hitz bakoitzaren pean historian hartu dituen adiera guztiak eta adibide ugari eskaintzen dizkigulako Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindiaren hiztegi historikoa; gainera, oso eroso egiten zaigu gaur egun bai Hiztegi Batuan bai Orotariko Euskal Hiztegian bilatzea, Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran eskura dauzkagularik. Orotariko Euskal Hiztegiko informazioan oinarritzen dira euskaltzainak erabakiak hartzeko; hala, dantzatu sarrera lexikala kontsultatu dugu, eta, besteak beste, zati hau topatu: "Utilizado por lo general con aux. intransitivo, lo hallamos sin embargo con transitivo en Voltoire, Pouvreau, Astarloa, Lardizabal, Xenpelar, Soroa y Arrese Beitia". Horra zergatik arautu duten Hiztegi Batuak dioena.

 

2/ Dantzatu aditza, zer esanik ez, aditz eratorria da: dantza izenaren gainean sortu zen. Jakina, aditz horrekin batera beste hauek ere erabili ditzakezu: dantza egin eta dantzan egin, biak NOR-NORK sailekoak, eta bizi-bizirik daudenak (batez ere, mendebaldeko euskaran).

 

3/ Ez da dantzatu aditzarekin bakarrik gertatzen orain arte esandakoa: berdin-berdin jokatu behar da jolastu, solastatu, borrokatu, mintzatu... aditzekin.

 

Hiztegi Batuko informazioa ekarriko dizugu:


jolastu, jolas/jolastu, jolasten da;

 

eta, horrekin batera, jolasean ari izan (da), jolasean ibili (da), jolas egin (du)

 

solastatu, solasta, solastatzen da;

 

eta, horrekin batera, solas egin (du)

 

borrokatu, borroka/borrokatu, borrokatzen da;

 

eta, horrekin batera, borroka egin (du), borrokan egin (du)

 

mintzatu, mintza, mintzatzen da;

 

eta, horrekin batera, mintzo izan (da) (kontuz: ez dakar mintzo egin)