Galdera

 

Ipuin bat egiten ari naiz, eta zalantza bat sortu zait; nola esaten da: "Kaixo barraskilo" ala "Kaixo barraskiloa"?

 

Data: 2013/04/22



Erantzuna

 

Zalantza hau sortu zaizu: Nola esaten da, "Kaixo barraskilo" edo "Kaixo barraskiloa”?

 

Erantzuna: Bietara esaten da: “Kaixo, barraskilo” edo “Kaixo, barraskiloa”.

 

1/ Zuk bezala, euskaldun askok izan du eta du kezka hori. Hala, 2001ean Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta zerbitzura heldu zen bokatiboaren gaineko zalantza hori berori. Gogoratu bokatiboa edo deikia dela “norbaiti edo zerbaiti deitzeko erabiltzen den hitza edo deklinabide-kasua” (Harluxet Hiztegitik hartu dugu definizioa). Interneten argitaratuta dago Euskaltzaindikoen erantzuna (hemen klik eginda ikusi dezakezu); guk, hangoa ostu, eta mezu honetara ekarri dizugu:

 

Deiki edo bokatiboak (Ez kezkatu, emakume/emakumea; irakurle/irakurlea!)

 

Galdera

Ondorengo adibideon artean, zein da zuzena?

 

a) Ez kezkatu, emakume!

b) Ez kezkatu, emakumea!

c) Zuk, irakurle, ondo dakizu...

d) Zuk, irakurlea, ondo dakizu...

e) Eta zuk, azeri, zer egingo duzu mahatsa ikusita?

f) Eta zuk, azeria, zer egingo duzu mahatsa ikusita?

 

Erantzuna

Deiki edo sintagma bokatibo horiek denak zuzenak dira. Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, I liburukian (ikus 225. or.) Gramatika batzordeak dio bokatiboa bi eratara joan daitekeela: "-a" mugatzailearekin nahiz gabe. Beraz, ezin esan daiteke, zenbait gramatikak dioen bezala, bokatiboak nahitaez mugagabean joan behar duenik. Hortaz, bietara ager daiteke ("Ez, mutil! (motel); Bai, gizona!"); eta euskalkiak zerikusia izan dezake bata ala bestea aukeratzerakoan.

 

Badirudi, ordea, zenbait izenen kasuan mugatuan eman behar dela nahitaez: "Bai, jauna!" (eta ez "Bai, jaun!").

 

Horrez gainera, ikus datu-base honetako "Bai, gizona!" sarrera.


Data: 2001/06/14

Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazkaria

 

 

2/ Bide batez -eta barkatu atrebentzia-, puntuazioari dagokion akats ohiko bat zuzendu nahi dizugu.

 

Komaz markatu behar da beti deikia:


· Gazte, ekar ezazu botila bat ur! (esaldiaren hasieran)

· Aizu, Amaia, zatoz lehenbailehen! (erdian)

· Erosi baloia, ama! (amaieran)

· Bazeneki, [Laura / seme / barrabas hori / publiko maitea / entzule], zenbatetan zaitudan gogoan

 

Aditzik gabeko esaldi-formuletan ere, berdin: ez dago salbuespenik:

 

· Kaixo/agur, barraskilo(a).

· Egun on, jaun-andreok.

· Kontuz, laztana.

 

Kasu batzuetan, gainera, anbiguotasunak apurtzeko balio du. Hala, bi esaldi hauek desberdinak dira:


· Zer moduz, Eustakio?

· Zer moduz Eustakio? [=Zer moduz (dago) Eustakio?]

 

Oso galdera interesgarria egin diguzu, askoren zalantza izaten baita zuk izan duzun hori (gorago esan dizugun bezala); eta gehiago ere luzatu gintezkeen bokatiboaren kontu honekin. Baina, oraingoz, besterik ez.