Galdera

 

Zein da zuzena? 'Beharko dut' ala 'behar izango dut'?  

 

Data: 2013/04/26



Erantzuna

 

Galdetu diguzu ea zein den zuzena; behar izango dut ala beharko dut.

 

Erantzuna: behar izango eta beharko, biak dira zuzenak.

 

 

Hori esanda, saiatuko gara informazioa osatzen, Euskaltzaindiak Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-II (EGLU-II) lanean dioena aprobetxatuta; batez ere, 8. kapitulukoa (155.-164. or.)

 

1/ Dakizunez, aditzetan ageri diren ezaugarrietako bat aspektuarena da. Aspektuaren marka aditz nagusiari itsasten zaio:

 

Burutua

<TU> marka

hartu du, ikusi du, bete du

Etorkizuna

<TUKO> marka

hartuko du, ikusiko du, beteko du

Ez burutua

<TZEN> marka

hartzen du, ikusten du, betetzen du

 

Horrez gain, adizki trinkoetan ez da aspektu markarik agertzen, baina une batean-edo gertatzen ari den zerbaiti lotutako aspektua daukate, gramatiketan “puntukaria” deritzona:

 

Puntukaria

(markarik ez)

dakar

Burutua

<TU> marka

ekarri du

Etorkizuna

<TUKO> marka

ekarriko du

Ez burutua

<TZEN> marka

ekartzen du

 

2/ Horiez guztiez gain, badaude tratamendu berezia daukaten aditzak: behar izan, ari izan, nahi izan (eta gura izan), bizi izan, balio izan, maite izan, komeni izan, uste izan

 

Ikusi dezagun nola jokatu behar den aditz horiekin aspektuaren aldetik. Horretarako, haietako bost erabiliko ditugu:

 

 

Ekarri

Behar izan

Nahi izan

Uste izan

Bizi izan

Ezin izan

Puntukaria

dakar

behar du

nahi du

uste du

bizi da

ezin du/da**

Burutua <TU>

ekarri du

behar izan du

nahi izan du

uste izan du

bizi izan da

ezin izan du/da

Etorkizuna <TUKO>

ekarriko du

beharko du

behar izango du

(behar izanen du)

nahiko du

nahi izango du

(nahi izanen du)

usteko du

uste izango du

(uste izanen du)

biziko da

bizi izango da

(bizi izanen da)

ezingo du

ezin izango du

(ezin izanen du)

Ez burutua <TZEN>

ekartzen du

behar izaten du

nahi izaten du

uste izaten du

bizitzen da*

ezin izaten du/da

 

* Oso gutxitan erabiltzekoa, testuinguru guztiz markatuetan.

** Aditzaren arabera aukeratu behar da laguntzailea: ezin du ekarri / ezin da ibili.

 

3/ Ikusten duzunez, etorkizuna adierazteko bi aukera daude aditz berezi horietan: izan ezabatu eta aspektu marka behar, nahi, maite, bizi eta besteri zuzenean eranstea, batetik (beharko du, nahiko du…); eta, bestetik, aditz osoari eranstea (behar izango/izanen du, nahi izango/izanen du…). Areago: bietatik lehenengoa da joera nagusia; behar izango/izanen du baino askoz ere ohikoagoa da beharko du.

 

Hori horrela dela ikusteko, esperimentu hau egin dezakezu: Euskalbar-en, Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran, Ereduzko Prosa Gaur corpus arakatzailea duzu, 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen dituena; esteka honetan, beharko formaren agerraldiak kontsultatu ditzakezu, eta behar izango-renak beste esteka honetan: erabateko desoreka dago lehenengoaren alde.