Galdera

 

'Zer ordutara arte?' ala 'Zer ordura arte?': zein da egokia?

 

Data: 2013/05/07



Erantzuna


 

        Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki arte postposizioaren erabileraz, eta, beraz, zuzentzat jo behar ditugu biak.

 

1/ Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta zerbitzura gutxienez birritan egin dute arte postposizioaren gaineko kontsulta:

·        2000/03/02koan, asteazkena arte / asteazken arte / asteazkenera arte hiruretatik zein hobetsi galdetu zuten, eta erantzun bakarra da ez dagoela Euskaltzaindiaren erabakirik.

·        2001/07/06koan, berriz, irailaren 7 arte / irailaren 7ra arte eta beste bikote batzuen gaineko zalantza agertu zuten, eta berretsi egiten da erantzunean Euskaltzaindiak ez duela erabakirik hartu. Erantzun horretako ñabardura batzuk interesgarriak direlakoan, esteka jarri dizugu zuzenean jo dezazun hartara.

 

2/ Zenbaitetan, ausartu ere egin gara igartzen zein izango den orakulua. Oraingoan, ostera, ez daukagu batere argi:

·        zer ordu arte? / asteazken arte / irailaren 7 arte / XX. mende arte / etzi arte eta molde horretan eraikitakoak arazorik gabe onartuko ditu Euskaltzaindiak;

·        nekez joko ditu ez-zuzentzat edo desegokitzat zer ordutara arte? / asteazkenera arte / irailaren 7ra arte / XX. mendera arte eta haiek bezalakoak (baliteke, ordea, gaur arte, bihar arte, atzo arte, gero arte…baino ez onartzea adberbioekin, nahiz eta zenbait hizkeratan atzora arte eta etzira arte ahoskatu –baina eta gaur arte, bihar arte, gero arte...–).

·        Ez dakigu zer gertatuko den asteazkena arte / irailaren 7a arte / XX. mendea arte moldeari jarraitzen diotenekin. Betiere norberaren oharmenak etxekora jotzen duenez, molderik dudagarriena da hau gure uste oraingoan apalean (beti ez baita apala!), iruditzen baitzaigu bokal arteko -r- galtzearen ondorioa besterik ez dela, eta, beraz, hiru izan beharrean morfologikoki bi aukera baino ez direla. Hala eta guztiz ere, susmoa dugu onartuko duela gure akademiak molde hau ere, ikusirik nola jokatu zuen Ibon Sarasolak bere Euskal Hiztegian, eta kontuan harturik ez dela izan ere lampiste bat Euskaltzaindiaren barruan: izen sintagmekin, adibide hauek baino ez dira ageri arte sarreran: Astelehena arte ez da itzuliko. Hamaikak arte zain. Datorren astea arte. Hilaren 22a arte luzatu da epea. Esan liteke hiru aukeretatik absolutu mugatua hobesten duela euskaltzainak.

Hala, Euskaltzaindiaren Hiztegiko (2012an argitaratua) arte sarrera ekarriko dizugu hona (izen sintagma baten eskuineko adibideak ez zaizkizu ezezagunak egingo):

 

Arte 1 postpos. Denbora hedadura bat noraino heltzen den adierazten duen hitza. Bihar arte. Orain arte ez da etorri. Noiz arte? Oraintsu arte. Atzotik bihar arte. Bihar arteko epea duzu.

2 (aditzarekin) […]

3 (Izen sintagma baten eskuinean). Astelehena arte ez da itzuliko. Hilaren 22a arte luzatu da epea. Datorren astera arte.

4 (Orduekin). Bederatziak arte. Hamaikak arte zain. Hiru eta erdiak arte. Lauretatik bostak arte.

 

Kontrara, EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburukian, XX. mendea arte aldaerak etiketa hau du (178. orrialdean, gure ustez ezin eztabaidatuzko argudioa erabilita): “beste aukera baten aldean desegokitzat jotzen dena, nahiz gramatikak onartu”.

 

3/ Orain arte, saiatu gara gure erantzun hala moduzko hori justifikatzen. Hemendik aurrera, zeure kontsultari nolabaiteko jarraipena egiteko galdera egingo dugu geure artean: Nola erantzun Zer ordutara arte? / Zer ordu arte? galderari?

Jakingo duzunez, “Orduak nola esan” araua (35.a) onartu zuen –1995ean– Euskaltzaindiak. Hona arte postposizioarekin ageri diren adibideak:

15:00ak arte / 15:01 arte / Arratsaldeko hirurak arte / Iluntzeko 8etatik 11k arte / Arratsaldeko 3etatik gaueko 12ak arte

 

Jakina, araua ez da arte postposizioaren gainekoa; beraz, ezin dugu adibideotatik ondorioztatu hiruretara arte, 15:01era  arte edo arratsaldeko 3etatik gaueko 12etara arte –beste askoren artean hiru adibide ekartzearren–  ez direla zuzenak, baina aski esanguratsua da horrelako adibideak falta izatea, gure ustez. Beraz, taula hauek eraiki ditzakegu:

 


4/ Zer ordu(tara) arte? galderarako, bi aldaerak jo ditugu zuzentzat; Euskaltzaindiak zerbait erabaki arte, behinik behin. Baina, badago beste aldaerarik, horiez gain?

·        Zenbait hizkeratan, honela egiten da galdera hori: Zer orduak arte? Esaterako, Goierri Gipuzkoako eskualdekoan. Ez gara ausartzen aldaera horri ere ontzakoa ematen (baturako, noski; herri hizkera erabili behar den guztietan, segi dezala erabiltzen erabiltzen duenak). Baliteke laurak arte, zortziak arte, hamabiak arte… horien analogiaz sortu izana. Baina gogoratu horrelako beste hainbat forma jator ere badirela: ezorduak arte, beranduak arte, Gabonak arte…

·        Eta Ipar Euskal Herrian, gure tradizioan bezala egiten da galdera hori? Guk dakigula, behinik behin, bi modu hauetan galdetzen da zer ordu den (eta zer ordutan den): Zer tenore da? / Zenbat orenak dira? ( eta Zer tenoretan da? / Zenbat orenetan da?). Eta kontsulta honi dagokion galdera: Zer tenore arte? / Zenbat orenak arte? (azkena, bidenabar esanda, Zer orduak arte? hartatik aski hurbila):

Zonbat orenak artio egon zirezte elgarrekin?”

Bi orenak artino. Hamar orenetarik oren bat arte. Arratsaldeko bortz orenak artino. Biziki berant arte. Destenoreak arte.

(Orotariko Euskal  Hiztegitik eta Nola Erran frantses-euskara hiztegi elektronikotik ateratako adibideak dira)