Galdera

 

'¿Donde vas? Manzanas traigo' esapidea: nola eman euskaraz?

 

Data: 2013/05/16



Erantzuna

 

“¿Dónde vas? Manzanas traigo” esapidea ez dakigu nola eman euskaraz.

 

• Aurkitu daiteke han-hemenka horren hitzez hitzezko itzulpena, baina ez dakigu tradiziorik izango duen:

 

Nora zoaz? Sagarrak dakartzat

 

Are gehiago: Gaztelaniaz, zenbaitek luzatu ere egiten dute elkarrizketa xelebre hori: “—¿Dónde vas? —Manzanas traigo. —¿A cuánto? —Coloraditas”. Bada, horren kalkoaren berri ere badaukagu:

 

“—Nora zoaz? —Sagarrak dakartzat. —Zegan (zenbatean)? —Orozkokoak”.

 

http://es.wikiquote.org/wiki/Proverbios_en_euskera helbidean, formula baliokide bat topatu dugu:

 

Nondik zatoz, mendira noa”.

 

Helbide horretan topatu dugu, eta ez beste inon. Beraz, aitortu behar dizugu oraingoan ere ez dakigula tradiziorik izango duen, non-noiztik esan den…

 

• Harira ez datozen Sagarrak dakartzat eta antzeko erantzunei, saiheskako erantzunak esaten zaie euskaraz, bidenabar esanda (saiheska erantzutea). Komeni da horrelakoak ere jakitea, astuna egiten baita gehiegitan baliatzea formulak.

 

• Aurreko kontsultarako erantzunean, bi iturri aipatu dizkizugu: Gotzon Garateren Atsotitzak eta Cervantes institutuaren Refranero Multilingüe. Ez batean ez bestean, ez da ageri “¿Dónde vas? Manzanas traigo”. Ez dugu antzematen zein izan litekeen arrazoia, horren erabilia delarik.

 

Baina Justo Mokoroa «Ibar»ren Ortik eta emendik. Repertorio de locuciones del habla popular vasca obra erraldoian (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran duzu, beste hiztegi askorekin batera), esapide hau aurkitu dugu:


—Mandoa, nor duk aita?... —Bordako behorrik ederrena ama...

 

Eta azaltzen du zer esan nahi duen gaztelaniaz: Evasiva, escapatoria para eludir una respuesta deshonrosa.

 

Beste egitura baten berri ere ematen du, oso interesgarria, Larraunen (Nafarroa) jaso ei zuena:

 

"Itzbestea eginda utzi nau"

 

Eta honela glosatu: “Se ha hecho el desentendido, cambiando de conversación”.