Galdera

 

Zuzena da 'lau xerra ogi' egitura?

 

Data: 2013/05/16



Erantzuna

 

 

Bai, guztiz zuzena da.

 

• Normalean, zerbaiten kantitatea adierazteko, honelako egitura erabiltzen dugu:

 

«ZENBATZAILEA + NEURRI IZENA + GAIA»

 

Batzuetan, neurri izena unitate fisikoa-edo izaten da:

 

sei litro ardo

hiru kilo kafe

berrogei metro (eskalatzeko) soka

 

eta hitz arrunta beste batzuetan:

 

sei botila ardo

zazpi gurdi egur

baso bat ur

bi zaku patata…

 

Beraz, botila bat ardo delakoak “zenbat ardo?” galderari egiten dio erantzun, eta oso bestelako zerbait da ardo botila bat (edo ardo-botila bat): ardoa gordetzeko botila da ardo-botila, ontzia bera, hutsik ere egon daitekeena.

 

• Zenbaitetan, mugak ez daude horren garbi: esan genezake nahiko antzekoak direla hiru tanta ur eta hiru ur(-)tanta, edo kilker bat haxix eta haxix(-)kilker bat. Agian, bikote horietako lehen elementuek “zenbat ur/haxix?” galderari egiten diote erantzun, eta “zer?” galderari.

 

• Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu ezazu EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak, batez ere 5.7.4. atala (“Neurri-sintagmak”, 137.139. or.).