Galdera

 

“Ikasturte honetan 2.mailakooi neguan egokitu zaigu igeriketa ikastaroa egitea”. 

 

Nire zalantza: 'mailakooi' hori ondo dago?

 

Data: 2013/05/28



Erantzuna

 

 

Galdetu diguzu ea zuzena den “mailakooi” honako esaldi honetan: “Ikasturte honetan, neguan egokitu zaigu 2. mailakooi igeriketa ikastaroa egitea”.

 

Erantzuna: Bai, guztiz zuzena da.

 

1/ Euskaraz (zenbat eta mendebalderago, sarriago –dirudienez–), nolabait esanda hurbiltasuna adierazteko erabiltzen da plural hurbila (–ok):

 

• Lehen pertsona (ni / gu) tarteko denean, zure adibidean bezala:

 

“Emakumeok mugitzen dugu mundua” zioen hasierako pankartak.

 

• Bigarren pertsona (hi / zu / zuek) tarteko denean:

 

«Ekitaldian parte hartu duzuenon lana eta presentzia izan dadila beste askorentzat eredu eta gonbita».

 

• Baina, bi kasu horietatik aparte, baita erreferentea hurbila denean ere, denboran zein espazioan:

 

EAEn atzerritar gehiegi dagoela pentsatzen dutenen kopurua bikoiztu egin da azken lau urteotan.

 

EAEko hiru herrialdeotatik Europara lan bila joan diren gazteen kopuruak ehuneko 65 egin du gora aurten.

 

• Edo erreferentea testuan bertan hurbil dagoenean (“aipatu ditugun horiek” edo “aipatuko ditugun honako hauek” esanez bezala):

 

Edozein zela ere Unibertsitate Legearen testua, ezezko botoa emango zutela agertu zuten hasieratik bi alderdiok. [Lehenago aipatu dira alderdiak; anafora da]

 

Literaturan topatu dut nik freskura; irakurtzea deliberatu nuen honako liburuotan: Alejandro Zambraren Bonsai narrazioan, Patxi Salaberriren No (Poema akrilikoak) izenekoan, Leire Bilbaoren Ezkatak poemarioan eta Peru Magdalenaren Lile harrigarrian. [Geroago aipatzen dira liburuak; katafora da]

 

2/ Bizkaieraren eremuko zenbait hizkeratan, singularrean ere erabiltzen dute artikulu hurbila, NON kasuan: aspaldion, aurton, berton

 

Oharra: Konturatuko zinenez, aldatu egin dizugu –pixka bat– esaldia (“Ikasturte honetan 2. mailakooi neguan egokitu zaigu igeriketa ikastaroa egitea” idatzi duzu zuk): koma bat jarri, eta elementu bat aditzaren ondora eraman dugu, galdegaia (neguan) aditzaren aurrean utzita. Iruditzen zaigu horrela idatzita hobeto irakurtzen dela.