Galdera

 

Galdetu nahi nizueke ea esaldi hau egokia den, edo hobe 'dataren' eta 'mintegiaren' hitzak jarriko banitu:


'Goian aipaturiko datan eginiko mintegiko laburpena'.

 

Data: 2013/06/13



Erantzuna

 

Galdetu diguzu ea zuzena den izenburu hau:

 

"Goian aipaturiko datan eginiko mintegiko laburpena"

 

Erantzuna: Gure ustez, ez da zuzena, gero komentatuko dizugunagatik. Eta hau proposatzen dizugu (uste dugu honelako zerbait adierazi nahi duzula):

 

"2013ko maiatzaren 13ko mintegi-bileraren laburpena".




Proposamenetik ondorioztatzen den bezala, interpretatu dugu mintegi bilera bat izan duzuela, eta bertan esandakoak, hartutako erabakiak eta beste laburtu dituzuela akta moduko dokumenturen batean, hurrengo baterako jasota geratu daitezen.

 


a/ Zergatik ‘-ren?


Jakina, mintegi-bileraren laburpena izen-sintagma horren pean mintegi-bilera laburtu perpausa dago:


mintegi-bileraren laburpena   ←

mintegi-bilera

+ laburtu

objektu zuzena

(NOR kasua)

+ aditza

 

Horrelakoetan, izen-sintagmaren pean NOR / NORK / NORI kasua + aditza egitura badago, orduan ‘-ren’ atzizkiaren bidez lortzen dira bi zatiak, eta ez ‘-ko’ erantsiz, adibide hauetan bezala:

  •  
    •  
      • legearen urraketa (legea urratu egin da)
      • horniduraren etena (hornidura eten egin da)
      • poliziaren hilketa (poliziak norbait hil du / norbaitek polizia bat hil du)
      • bidali diguzun testuaren gure zuzenketa (zuk bidalitako testua zuzendu dugu guk)
      • Mandelaren omenaldia (Mandelari eskaini diote omenaldia / Mandela omendu dute)

 

 

b/ Zergatik 'bilera'?

 

Mintegi, hiztegiaren arabera, izan liteke berez bilera bat, eta justifikatuta legoke mintegiaren laburpena esatea adiera horretan. Baina, gure kasuan, “jakintza-arlo jakin bat ematen duten irakasleen taldea” modura definitu liteke. Beraz, mintegiaren bileretan tratatutakoak laburbildu daitezke, eta ez mintegia bera.

 

 

c/ Zergatik kendu 'eginiko'?


Alferrikakoa da erlatibozko ‘eginiko hori, eta astundu egiten du mezua. Egunari -ko atzizkia (NOIZKO? da galdera inplizitua) erantsita saihestu dezakegu, eta naturalago eman; gainera, egin aditzak ez du ezer aportatzen esanahiaren aldetik hor: bilera izenak du esanahia. Erdaraz ere, ez genuke erlatiboa edo partizipioa erabiliko kasu horretan, ezta?: “resumen de la reunión de(l) departamento del 13/05/13” esango genuke, eta ez: “resumen de la reunión de(l) departamento (que fue) efectuada el 13/05/13”.

 

 

d/ Zergatik '2013ko maiatzaren 13ko'?

 

Zer esanik ez, zure “goian aipaturiko datan” hori guztiz zuzena da, baina ez dakigu non dagoen haren erreferentzia testuan. Askotan, edozein hizkuntzatan, komeni da erreferentziak errepikatzea, horrelako itzulinguruak erabili gabe, irakurleak bilatu egin behar duelako testuan, auskalo zenbat lerro gorago. Gainera, atal baten izenburua izanik, logikoagoa da autonomoa izatea.

Testugintzan, landu beharreko antzea edo trebetasuna da erreferentziak ematea: giltza da testu ulergarriak egiteko. Baina, zoritxarrez, ez dago errezetak ematerik: esan dizugu komeni dela –zenbaitetan– errepikatzea, baina, aldi berean, testua astunegia geratzen ari zaigun neurtu behar da, irakurleak zer-zenbat dakien gaiaz…

Eta bidenabar esanda. Ohitura handia dago data jartzeko euskaraz gaztelaniazko fecha jarriko genukeenetan. Guk, ostera, eguna esango genuke testuinguru gehienetan –gaurko zein atzoko izanik ere, punta batekoa zein bestekoa izanik ere, edozein euskaldunek erabiltzen duelako eguna, eta ez data– (baina errepikatuko dizugu: guztiz zuzena da goian aipaturiko datan).

 

 

e/ Zer mintegi da?

 

Mintegikoontzako idazkia bada, barne-kontsumorako, ez dago inolako arazorik aipatu gabe uzteko zer mintegiz ari garen. Baina, zein den dokumentuaren hartzailea (esaterako, eman dezagun mintegi guztien bileren berri izan nahi duela zuzendaritzak), egokiagoa izan liteke mintegia zein den zehaztea: Ingeles Mintegia (edo Ingeles mintegia), esaterako.

Baina, orduan, erne!: ez erabili Ingeles mintegi bilera berrelkarketa, ez baita zuzena. Ingeles mintegiaren bilera behar du.

 

 

Laburbilduta:


"20….(e)ko ……….aren ….(e)ko ……….. mintegiaren bileraren laburpena"


edo


"20….(e)ko ………..ren ….(e)ko mintegi-bileraren laburpena".