Galdera

 

Jakin nahi dugu nola eman euskaraz “Áreas en las que el alumno tiene dificultades”; zuzena da “Ikasleak zailtasunak dauzkan arloak”?

 

Data: 2013/06/23



Erantzuna

 

 

Erantzuna: Formula hau proposatzen dizuegu: “Arlo hauetan ditu zailtasunak:”.

 

 

1/ Zuzena da zuen “Ikasleak zailtasunak dauzkan arloak”?

 

Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-V (EGLU-V) liburuan, azaltzen da zer izen sintagma erlatibatu daitezkeen eta zeintzuk ez (2.2.6. atala, 184.-188. or.):

 

· batzuekin, ez dago inolako arazorik (NOR, NORK edo NORI kasua badakarte);

 

· beste batzuk, berriz, erlatibatu daitezke batzuetan eta ez beste batzuetan (ZERTAZ, NON, NORA edo NONDIK kasua badakarte), interpretazioa eraikitzeko aukera erraz edo nekez ematen duten;

 

· eta, amaitzeko, beste batzuk ezin dira inola ere erlatibatu (NOREKIN, NOR(EN)GAN/A/DIK, NORENTZAT edo NOR(EN)GATIK kasua badakarte).

 

 

Zuena, beraz, bigarren maila horretakoa da. Irakasleok erraz antzeman dezakegu zer esan nahi duzuen, eta alde horretatik zuzena litzateke zuen esaldia gu bagina hartzaileak. Ulertuko lukete gurasoek? Auskalo! Egia osoa aitortzearren, euskaldun gehiegitxok okertuko lukete muturra gure ustez. Bestelako aukera garbiagoak egonda, zergatik ez haiek baliatu?

 

 

2/ Erdaraz erlatibozkoa erabiltzen den kasu batzuetan, ez da batere egokia (askotan, ezta zuzena ere) euskaraz ere erlatibo baten bidez ematea.

 

 

· Hurrengo hiru adibideetan, erdarak galdegaia-edo markatzeko propio duen teknika ageri zaigu. Euskaraz beste prozedura batzuk erabiltzen ditugu galdegaia markatzeko, eta seguruenik horiexek hobetsi beharko genituzke lehen hiru esaldi haiek euskaratzeko (idatzian, aditzaren aurrean jarririk galdegaia):


Este es el objetivo con el que rompí los papeles

Helburu hone(xe)kin apurtu nituen paperak


He ahí la razón por la que nuestros alumnos no nos hacen demasiado caso

Horre(xe)gatik ez digute kasu handirik egiten ikasleek


Por allí es por donde escapó el ladrón

Handi(xe)k egin zuen ihes lapurrak

 

· Erdaraz izen-sintagma (izena+osagaiak) erabiltzen den lekuan, euskarak zehar-galdera du nahiago askotan, hurrengo hiru adibideetan bezala:


Es importante conocer el lugar donde los alumnos se esconden

Garrantzitsua da jakitea non ezkutatzen diren ikasleak


No sé decir a nadie lo que necesito

Ez dakit inori esaten zer behar dudan


Tenemos que explicitarles los alumnos que van a acudir a la excursión

Zehaztu behar diegu zer ikasle joango diren txangora

 

· Izan ere, erdaraz hizkera-maila igo nahian egiten diren itzulinguru asko eta asko egokiro euskaratzeko, zehar-galdera izaten da askotan giltzarri:

 

He ahí la razón por la que nuestros alumnos no nos hacen demasiado caso

Horra hor zergatik ez diguten kasu handirik egiten ikasleek


Evaluar los progresos individuales de los alumnos

Ebaluatu zenbat egin duen aurrera ikasle bakoitzak

 

 

3/ Aurreko guztian oinarrituta proposatu dizugu “Arlo hauetan ditu zailtasunak/arazoak”. Baina berdin proposatu genezakeen “Zer arlotan ditu zailtasunak/arazoak”: azken formula hori ere zuena baino gehiago gustatzen zaigu...