Galdera

 

Nola eman behar dugu euskaraz "Aprende con facilidad las letras de las canciones"?

Zuzena da "Abestien hizkiak erreztasunez ikasten ditu"?

 

Data: 2013/06/27



Erantzuna

 

 

Erantzuna: "Kanten/Kantuen/Abestien hitzak erraz ikasten ditu" edo "Erraz ikasten ditu kanten/kantuen/abestien hitzak" proposatzen dizugu.

 

1/ Erraztasunez ez luke inork esango begien aurrean erdarazko con facilidad ez balu. Edozein euskaldunek, erdarazko erreferentzia guztietatik libre izanik, adjektibo soila erabiliko luke, beste adibide hauetan bezala:


Argi mintzatu zaigu, eta ez Argitasunez mintzatu zaigu

Gogor ari da, eta ez Gogortasunez ari da

Zorrotz jokatu beharra zeukaten, eta ez Zorroztasunez jokatu beharra zeukaten.

 

Adibideok Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I (EGLU-I) liburutik atera ditugu. Interesgarriak dira kontu horretarako 2.2.1.4.2. eta 2.2.1.4.3. ataltxoak (318.-320. orrialdeetan).

 

2/ Kontuz ibili hizki hitzarekin!

 

Letra esan nahi du noski, baina A, B, C... sinboloak adierazteko, ez gaztelaniazko letra de una canción (ingelesez, lyrics; frantsesez, paroles). Horretarako, hitzak erabiltzen dugu euskaraz, hiztegi arruntek ere jasotzen dutenez:

 

Elhuyar: No me gusta la letra de esa canción: kantu horren hitzak ez zaizkit gustatzen.

Zehazki: letra (de canción): hitz(ak).