Galdera

 

Zer esan nahi dute gaztelaniaz Beotibarko kantako hirugarren eta laugarren lerroek (gutxienez bi interpretazio baitaude)? Kanta hori da zaharrena euskaraz? 

 

Data: 2013/07/05



Erantzuna

 

1/Beotibarko kanta


Hona zer dioen Beotibarko kantak Esteban de Garibairen bertsioan (Compendio Historial, 1571):


Mila vrte ygarota

Vra vere videan.

Guipuzcoarroc sartu dira

Gazteluco echean,

Nafarroquin batu dira

Beotibarren pelean,&

 

Juan Martinez de Zaldibiaren bertsioa (Suma de las cosas Cantábricas y Guipuzcoanas, 1564an idatzia eta 1944an lehenengoz argitaratua) apur bat desberdina da, baina aldea ez da muntakoa.

 

Nafarren eta gipuzkoarren arteko gudu baten berri ematen digu kantak. Beotibarren gertatu omen zen (Berrobi eta Ibarra artean, Tolosatik gertu), 1321ean. Ez dakigu zehazki zergatik gertatu zen gatazka, ez datoz-eta kronikak bat; baina, itxura guztien arabera, gipuzkoarrek Gorritiko gaztelua suntsitu, eta nafarrek errepresalia hartu nahi izan omen zuten.

 


2/ Badira euskarazko bertsorik zaharrenak?


Filologo batzuek uste dute balitekeela gudua gertatu eta gutxira egin izana bertsook; hala izan balitz, euskarazko bertsorik zaharrenak izango ziren. Jon Juaristik, adibidez, "El Cantar de Beotibar, ¿un romance noticiero vasco?" artikuluan, ez du baztertzen hipotesia, pentsaturik gertaeren berri emateko bertsoak izan litezkeela.


Arazoa da XVI. mendean argitaratu zirenez ez dugula euskarri handirik asmatzeko noiz egin zituzten. Euskarazko kantarik zaharrenak mende hartantxe argitaratu ziren: Akondiako kanta, Urrexolako kanta (eta beste kanta historiko batzuk), Martin Ibañez Labierokoaren hilartitza, Milia Lasturkoaren eresia...(helbide honetan irakurri ditzakezu guztiak Armiarma: Klasikoen gordailua). Adibide esanguratsu bat ematearren: dirudienez, Etxalekuko kopla 1491n idatzia da, eta, beraz, Nafarroan jasotako euskal kantarik zaharrena dela esan genezake, Ricardo Urrizolaren arabera. Noizkoak diren zehaztea zaila delarik, baliteke argitaratu baino dezente lehenagokoak izatea (batzuk, behinik behin). Gehienez ere, terminus post quem delakoa esleitu dakioke bakoitzari; esaterako, 1390tik aurrerakoa izan behar du Akondiako kantak, Ibarguen-Cachopínen kronikan esaten baita 1390ean gertatu zela ganboatar eta oinaztarren arteko gatazka hura.


Beraz, kronologia argitu artean, ez dugu uste zehaztu daitekeenik zein diren euskarazko bertsorik zaharrenak (gorde direnetan, jakina, beste hainbat eta hainbat kanta betiko galduta egongo baitira).

 

 

3/ Nola itzuli erdarara hirugarren eta laugarren bertsoak?


Honela emango genuke gaztelaniaz –boteprontoan– Beotibarko kanta:


Pasados mil años, / el agua en su camino.

Los guipuzcoanos han entrado / en la casa de Gaztelu

Se han juntado con los navarros en pelea en Beotibar.

 

Hitzez hitzeko itzulpena da, bestelako interpretazioetan sartu gabe. Kontsultan diozun bezala, kronistak ez datoz bat laugarren bertsoa interpretatzean: Garibaik dio: «[…] los Guipuzcoanos auian entrado en la casa de Gaztelu…»; Zaldibiak, berriz, «[…]los Guipuzcoanos han vuelto a ser castellanos…».

 

Mitxelenak Textos Arcaicos Vascos (p. 66-68) liburuan dioenez, «[…]Hay, sin embargo, discrepancia en la interpretación del v. 4: tanto Zaldibia como Isasti sostienen, frente a Garibay, que significa "así los guipuzcoanos han vuelto a ser castellanos". Es difícil sostener esta opinión, ya que el nombre vasco de Castilla ha sido siempre Gaztela, no Gaztelu».

 

"Gaztelucoechea",baina, izan liteke ‘Gaztela’ adierazteko metafora moduko zerbait? Baliteke, Erdi Aroko erromantzeetan irakurketa maila bat baino gehiago egon zitezkeelako; gainera, ez daukagu argi zer esan nahi duen 'etxeak' kantaren testuinguruan.

 

Baina interpretatu  behar dugu metaforikoki? Ez dugu uste: Erroizpe/Uli mendilerroko magalean dagoen herri txiki bat da Gaztelu, Beotibartik oso hurbil dagoena, erantsi dizugun mapan ikusten den bezala. Beraz, Ockham-en labana izeneko arrazoibide-printzipioa aplikatuta (“bi hipotesi badaude, eta bata zein bestea bete badaitezke, sinpleena lehenetsi behar da”), kantako Gaztelu Tolosaldeko udalerria baino ez delako hipotesiaren alde egiten dugu guk geuk.

 


4/ Lehen bi bertsoak


Lehen bi bertsoak exordio edo atariko bat osatzen dute, euskal poesia narratiboaren ohiko ezaugarri bat –beste hizkuntza batzuetan ere ohikoak dira exordioak– (gaur egungo poeta batzuek ere baliatu dute teknika hori, herri tradiziora hurbiltzeko baliabide modura). Gehienetan, kontatuko dena nolabait girotzeko balio dute; esan genezake ideien lotura subkontzientea egiteko balio dezaketela. Baina ez daukate zerikusi zuzenik kontatzen diren gertaerekin (edo bai? Auskalo!).Gu ez gara arriskatuko: hizkuntzaz eta geografiaz dakiguntxoa bakarrik erabili nahi dugu.

 

Amaitzeko, exordioen bi adibide oso ezagun ekarriko dizkizugu hona, lehena Bereterretxeren kanthoriaren hasiera eta bigarrena Gabriel Arestiren Egun da Santimamiña poemaren ahapaldi bat:


  • Haltzak ez dü bihotzik / Ez gaztanberak hezürrik / Ez nian uste erraiten ziela / aitunen semen gezurrik”.
  • Itsas aldean izarra / hari begira lizarra; /euskara salbo ikusi arte / ez dut kenduko bizarra”.