Galdera

 

“Batak besteak halako bi ditu” eta “Batak besteak duenaren bikoitza du” formuletatik, zein hobetsi? 

 

Data: 2013/09/11



Erantzuna

 

 

 

Gure ustez, “Batak besteak halako bi ditu” (eta parekoak) bultzatu behar dira.

 

 

1/ Mezuan diozu zure ustez bigarrena ulertzen dela errazago. Eta hori egia izan liteke erreferentziazko hizkuntza gaztelania delako askorentzat, eta euskarazkoa ulertzeko itzuli egiten dutelako. Baina matematika irakasleak gela barruan behin eta berriro erabiliko balu lehenengoaren sintaxia, doinu edo intonazio egokia emanda eta adibide ugari erakutsita, berehala jabetuko lirateke ikasleak zer adierazteko diren [X halako] edo [halako X] esapideak. Zergatik? Ohituran oinarritzen delako hizkuntza bat eskuratzea, askotan errepikatutako egiturak inkontzienteki barneratzen direlako.

 

2/ Baliteke, beraz, errazago ulertzea bigarrena, [bikoitz = doble] identifikazioa oinarrizkoa baita. Baina eta zazpi aldiz gehiago –adibidez– baleuka batak besteak baino? Zazpikoitz erabiliko zenuke euskaraz, edo séptuple erdaraz?

Erdaraz “siete veces más” esango zenukeen bezala, euskaraz ere horrelako zerbait erabili beharko zenuke, kasu guztietarako balio liezazukeen formula:


“Alexek halako zazpi du Idoiak” / “Alexek baino zazpi aldiz/bider gehiago du Idoiak”

 

3/ Bikoitz, hirukoitz eta enparauak gaizki erabiltzen dira batzuetan, EIMAk argitaratutako Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburuko 140. orrialdean ohartarazten gaituzten bezala (matematika irakasle guztiok irakurri beharreko atalak dira hori eta hurbileko guztiak):

“Zure hirukoitza irabazten dut nik”, esate baterako, EZ DA ZUZENA.

 

Horretarako, propio aholkatzen digute [X halako …] egituraz baliatzea:


“Zuk halako hiru irabazten dut nik”;


eta, zer esanik ez,


        “Zuk baino hiru aldiz gehiago irabazten dut nik”