Galdera

 

Zergatik idazten dira –hots berbera adierazteko– hitz batzuk Ñz, eta beste batzuk INz? 

 

Data: 2013/09/15



Erantzuna


 

Ñ idazten denean, derrigor ahoskatu behar da [ñ] modura; IN denean, berriz, hiztun batzuok beti ahoskatzen dugu [ñ], baina beste batzuek [in].

 

 

Saiatuko gara labur azaltzen erantzuna, grosso modo, ñabardura handirik eman gabe.

 

 

1/ Euskaraz, fenomeno hau gertatzen da: zenbait hizkeratan (seguruenik, halaxe gertatzen da zurean, galdera horrela formulatu duzularik), IN idazten den guztietan, [ñ] ahoskatzen dugu automatikoki. Palatalizazioa edo bustidura automatikoa esaten zaio horri:


baina  [baña]

burdina [burdiña]

 

Beste zenbait hizkeratan, ostera, ez dute [ñ] ahoskatzen IN idazten denean (batez ere, lapurteraz eta behe nafarreraz):


baina  [bai+na]

burdina  [burdi+na]

 

Palatalizazio automatikoa ez da N kontsonantearekin bakarrik gertatzen: berdin gertatzen da beste kontsonante batzuekin, aurretik I dutenenean:


 haitza  [atxa]

 mutila  [mutilla]

 aditu  [adittu]

 

 

2/ Beraz,

 

·        bi modutara ahoskatu daiteke ipini: [ipi+ni] edo [ipi+ñi];

·        baina denok berdin andereño eta zubererazko amañi: [andereño] eta [amañi].

 

Baita euskara baturako ahoskera zainduan ere, Euskaltzaindiak bere 87. arauan dioen moduan:

 

V. Idatzi bezala ahoskatuko dira hizkera maila zainduan

<b, d, f, g, k, l, ll, m, n, ñ, p, r, rr, s, t, ts, tx, tz, z>

 

Baina...

 

VII. <il, in> letra bilkura hauek <(i)ll> eta <(i)ñ> (hala nola: mila milla edo mailua mallua, bina

biña edo baino baño) ahoskatzen diren euskalkietako hiztunengan bustikuntza hori ahoskera zainduan ere egoki da (ahoskera zaindua <ll> –milla– da eta ez <y> –miya–). Bustikuntza hori ez duten euskalkietako hiztunengan, noski, bustidurarik gabea izango da ahoskera zaindua ere (hala nola: mila mila edo mailua mailua, bina bina edo baino baino).

 

 

3/ Adibide modura bi hitz hauek ekarri dizkiguzu: andereño eta ikurriña (?). Aztertu ditzagun banan-banan:


·        Andereño: -ÑO atzizki bat da, izen hipokoristiko edo txikigarriak eraikitzeko balio duena. Hartu kontuan ez dela -INO. Beraz, atzizki hori daukaten hitz guztiek Ñz idatzi behar dira: irriño, astoño… eta beste hainbat, horiek biak bezala Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak jasotzen dituenak eta bai molde horren gainean asmatu ditzakezunak ere.


·        Ikurrin: Ez dakigu nahastu zaren edo ez, baina euskara baturako forma ikurrin da, eta ez ikurriña. Beraz, kasu honetan, artikulua erantsita, ikurrina idatzi behar duzu. Bide batez esanda, Sabino Aranak asmatutako hitza da: ikur + e(h)un.

 

 

Egia esan, Ñz idatzi behar diren hitz (ia) guztiak adierazkorrak dira: umeen hizkerakoak; familian, lagun artean, konfiantza giroan erabiltzen diren aldaerak; zenbait onomatopeia… (eta asko eta asko, zubererazkoak): ahuñe (antxume), amañi (amama), amiñi (apur bat), baño (bat ño: bat bakarrik), ñarro, ñimiño

 

Beste batzuk, leku izenak eta haietatik eratorriak eta deiturak izaten dira: Iruñea baina iruindar, Añana eta añanar, Ereño eta ereñar (baina ereinotz), Oñati eta oñatiar…; Añibarro, Argiñano, Gaztañaga, Otaño..

 


4/ Euskaraz ez ezik, beste hainbat hizkuntzatan ere badago [ñ] hots edo soinua (sudurkari sabaikaria, teknikoki); baina, idazteko orduan, zeinek bere bidea aukeratu du, taula honetan ikusi dezakezunez (kasu gutxi batzuk ekarri dizkizugu hona, agian ezagunenak):


 

Hizkuntza

Nola idatzi

Adibide bat

Gaztelania

Ñ

añejo

Frantsesa

Italiera

GN

agneau

agnello

Portugesa

NH

Ronaldinho

Katalana

NY

Catalunya

 

 

Ea hau guztia irakurrita ez dituzun izarño asko ikusten begietan ñir-ñir egiten!