Galdera

 

Gramatikalak dira “Bost lagun etorri da” eta “Bost lagun ikusi dut”? 

 

Data: 2013/09/22



Erantzuna

 

 

Baliteke gramatikalak izatea (ez dugu inon ikusi debekatuta), baina ez erabili horrelakorik: hiztun gehien-gehien-gehienok pluralean esaten ditugu horiek, 1etik gorako zenbakiekin.

 

 

1/ Esan dizugu ez dugula inon ikusi debekatuta singularra erabiltzea. Hala,  Euskaltzaindiak, bere Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I obran, 205.-208. orrialdeetan (“Komunztadura aditzarekin”), adierazten du:


a)      Zenbatzailea “bat” baldin bada, aditz morfologian singularra ageriko da beti.


b)      Zenbatzailea ez baldin bada “bat”, besteren bat baizik, eta sintagma osoa –zenbatzaileaz gain– artikuluak mugatzen baldin badu, aditz morfologian pluralaren aztarna ageriko da: Lau filmak ikusi ditut. / Bost gizonek egin dute. Bost andreei eman diet.


c)       Gainerako kasu guztietan, singularrez edo pluralez ageriko da aditza. Idazle batzuek singularrez bakarrik erabiltzeko joera dute, eta zubereraz ere –neurri batean behinik behin– horrela jartzen da, baina hori ez da nahitaezko araua, ondoan jartzen ditugun adibideek ongi asko erakusten digutenez (eta adibide ugari eskaintzen ditu).

 

2/ Euskal gramatika Laburra: Perpaus bakuna obran, berriz, 101. orrialdean, hau dio Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeak:


Nola egiten dute komunztadura aditzekin zenbatzaileren bat determinatzailetzat hartzen duten izen sintagmek? Ekialdean eta mendebaldean joera desberdinak daudela esan dezakegu. Oro har, beldurrik gabe esan daiteke mendebaldean singularrean nahiz pluralean egiten dela komunztadura, zenbatzailearen arabera: bat baldin bada singularrean eta, bestela, pluralean. Ekialdean ere horrela egiten dute hiztun eta idazle gehienek).

 

3/ Are gehiago: EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburukian (euskarazko ikasmaterialetarako estilo liburu bat osatzen ari da EIMA), «arauz edo gramatikaz okerra den forma»tzat jotzen ditu bi adibide hauek, eta izartxo batekin hala adierazi:


*Bost liburu irakurri dut.

*Hamazazpi urte dut.

Honela arrazoitzen du kontua (143. or.):


Zenbatzaile zehaztuekin, gauzak garbiago daude: erabatekoa da aditza pluralean emateko joera (baten kasuan izan ezik, jakina).

 

4/ Orotariko Euskal Hiztegia euskarazko hiztegi historikoa da, eta Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran duzu. Bertan kontsultatu dezakezu hamabi sarrera lexikala:


Salvo contadísimos ejs., en especial de Inchauspe, la construcción es hamabi gizon etorri ziren, es decir, aux. en pl.


Ibon Sarasola euskaltzain osoak honela dio bere artikulu batean:


[…] alde eta aldi guztietan, aditza pluralean erabili izan da zer osagaia izen zenbakidun mugagabea denean. Salbuespen bakanak berriak eta analogikoak dira. Mitxelenak aspaldi esan zuen zenbat urte dituzu? jatorragoa dela zenbat urte duzu? baino, eta bere ustez ez dagoela hor erdararen eraginik.

 

5/ Garai batean, asko zabaldu zen iritzi oker hau: ezinbestean egin behar zela komunztadura singularra zenbakidun mugagabeekin. Euskara eskoletan ere hala jokatzea bultzatu zen. Uste zen erdar(ar)en eraginagatik egiten genuela komunztadura plurala hiztun gehienok, bakan-bakan batzuek baino egiten ez zutena zela jatorra, eta haien eredura makurtu behar genuela euskararen mesedeetan.

Horrekin lotuta, hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia eta haiek bezalakoak ez-gramatikalak zirelakoan, *hiru kilotako haurra, *lau hankatako mahaia… sasikoak bultzatu ziren, pentsaturik euskal hiztun guztiok (!) erabiltzen genuen egitura gaizki zegoela. Euskaltzaindiak bere onera ekarri zuen auzia, 34. arauarekin.

Ez itsutu, beraz, funts handirik gabeko jatorkeria batzuekin.

 

6/ Amaitzeko: asko, gutxi, gehiago, gutxiago, zenbait, zenbat, hainbat, hamaika… hitzekin, aditza singularrean edo pluralean joan daiteke:


Liburu asko erosi dut / ditut.

Zenbait zerri ikusi dut / ditut.