Galdera

 

Nola esaten da: “Sugeak beldurra ematen dit” edo “Sugeak beldur ematen dit”? 

 

Data: 2013/09/26



Erantzuna

 

Bietara esan dezakezu: biak dira zuzenak.

 

 

1/ Beldur hitzaren gainean, beste kontsulta bat izan genuen orain dela bi urte. Baliteke erantzun hura interesatzea, aipatzen baikenuen beste kontu askoren artean zure arazoa, zeharka baino ez bada ere: nori beldur edo noren beldur?

 

2/ Euskaraz, aditz asko eta asko aditz elkartuak dira (Euskaltzaindiaren terminologia erabiltzearren), bi egitura hauen arabera eraikitakoak:


                 ·  IZENA + IZAN/*EDUN (edo ADJEKTIBOA + IZAN/*EDUN)

nahi izan, gura izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, maite izan, bizi izan, beldur izan, gose izan…

 

  ·   IZENA + EGIN/EMAN/HARTU

negar egin, alde egin, lo egin, hitz egin, eztul egin, berba egin, huts egin, ele egin, beldur eman, min eman, hitz eman, okasio eman, bide eman, esku eman, min hartu, kontu hartu…


Konturatuko zarenez, eskaini dizkizugun adibide guztietan, izena mugagabean doa, eta badirudi ezinbestekoa zela hala izatea aditz horiek guztiak eraiki ziren garaian: aditz elkarteak gaur egun eraikiko bagenitu, berriz, artikulua jarriko genieke izenoi, seguruenik.

 

Beraz, baliteke BELDUR EMAN zaharragoa izatea (bidenabar esanda, sarrera lexikal modura ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan; euskara baturako euskal hitzen formak biltzen dituen zerrendan, hain zuzen ere) BELDURRA EMAN baino, baina bi-biak daude bizirik euskaraz.


3/ Edozein modutan, BELDUR EMAN zein BELDURRA EMAN esanda, “jantzi” egiten baduzu beldur lehen osagaia, ezinbestekoa izango duzu mugatzailea jartzea:

 

BAI

EZ

Sekulako beldurra ematen didate sugeek

Sekulako beldur ematen didate sugeek

Beldur handia ematen didate sugeek

Beldur handi ematen didate sugeek

Halakoxe beldurra ematen didate sugeek!

Halakoxe beldur ematen didate sugeek!