Galdera

 

Nola idazten da: lurra edo Lurra, planetaren gainean ari garenean? Nola deklinatu behar da? 

 

Data: 2013/09/30



Erantzuna

 

Lurra idatzi behar duzu, hasierako letra larria duela, eta izen arrunt mugatu modura deklinatu.

 

 

1/ Letra larriak noiz jarri nolabait arautzeko, EIMAren liburuki hau dugu gaur egun eskueran: LETRA LARRIAK erabiltzeko irizpideak (ikasmaterialetarako euskara estandarizatzeko estilo-liburua osatzen ari da EIMA, jakingo duzunez). Zure kontsultarako erantzuna 70. orrialdean aurkituko duzu, 2.2.5.2. atalean (“Astronimia”):


«Planeten, sateliteen, izarren, konstelazioen, galaxien eta –oro har– astro guztien izenetan, hasierako letra maiuskulaz idaztekoa da.»

«Eguzkia, Lurra eta Ilargia izenen hasierako letra maiuskulaz idatzi behar da astronomia eta astrofisikako testuetan.»

 

Adibidez:


  • “Besteak beste, Lurretik Ilargira eta Uharte misteriotsua idatzi zituen Jules Verne zientzia-fikzioaren aitak”
  • Edwin Aldrin: Ilargian egon zen bigarren astronauta”
  • “Antzinako euskaldunek jainko(sa)tzat zuten Eguzkia, eta haren amatzat Lurra.”

·        “Zenbat planeta daude eguzki-sisteman? Bada ala ez da planeta, gure Pluton ñimiñoa?”

 

Baina…


  • “Argia bete-betean sartzen zen bertatik, eta eguzkiaren epela sentitu nuen oinak lurrean jarri orduko.” (Anjel Lertxundi, Argizariaren egunak)
  • “Dendaren zirrikitutik begiratu eta txakal talde bat ilargi argitan lasterka ikusten dudanean, haietako bat zarela bururatzen zait, eta nigana zatozela aldi hartan etorri zinen bezala.” (Bernardo Atxaga, Groenlandiako lezioa)
  • Ikusten da gaur gauean ilargia, ala lainotuta dago? (lagunen arteko elkarrizketa arrunt bat)

 

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, Astronomiako termino gisa ageri da Lurra sarrera, bere maiuskula eta guzti, baina ez da berdin jokatzen eguzkia eta ilargi izenekin (ez da aipatzen maiuskularena). Beraz, ez dago guztiz argi nola jokatu izen horiekin (idazki teknikoak ez direnean, behinik behin).  

 

 

2/ Letra larriz hasita idatzi behar dira Lurra, Eguzkia eta Ilargia astroen izen modura tratatzen ditugunean, baina, Euskal Herria, Bizkaia, Iruñea, Ubidea leku-izenekin gertatzen den bezala (eta Euskaltzaindiarekin, bidenabar esanda), -a hori artikulua da, eta izen arrunt modura deklinatu behar ditugu, beraz:



 

 

3/ Berdin-berdin jokatu behar da gaztelaniaz ere:


«Los nombres de galaxias, constelaciones, estrellas, planetas y satélites: la Vía Láctea, la Osa Mayor, la Estrella Polar, Venus, Ganimedes. Las palabras Sol y Luna solo suelen escribirse con mayúscula inicial en textos científicos de temática astronómica, en los que designan los respectivos astros: «Entre la esfera de fuego y la de las estrellas fijas están situadas las esferas de los distintos planetas, empezando por la esfera de la Luna y, a continuación, las esferas de Mercurio, Venus, el Sol, Marte, Júpiter y Saturno»; pero, excepto en este tipo de textos, se escriben normalmente con minúscula: El sol lucía esplendoroso esa mañana; Entra mucho sol por la ventana; Negros nubarrones ocultaron la luna por completo; Me pongo muy nervioso cuando hay luna llena. La palabra tierra se escribe con mayúscula cuando designa el planeta: «Dios le hizo ver las estrellas jamás vistas desde la Tierra; pero con minúscula en el resto de sus acepciones: El avión tomó tierra; Esta tierra es muy fértil; He vuelto a la tierra de mis mayores.»


(Real Academia Española, Diccionario Panhispánico de dudas)

 

Ingeleserako, berriz, ez dago Hizkuntza Akademiarik, eta eskola bakoitzak bere tradizioa markatzen du: Wikipediako estilo-liburuan, esaterako, eta hainbat gramatika-liburutan, aholkatzen dute astroen izenak direnean Earth, Sun eta Moon idazteko; baina British Council-ek, besteak beste, kontrako bidea hobesten du:


«We use capital letters for planetsbut not the earth, sun or moon.

          Mercury is closer to the sun than the earth is.»

 

 

Oharra: Kontsultan, “Eragile geologikoak Lurraren…” pasartea baino ez diguzu txertatu, baina komeniko litzaiguke esaldi osoa zertan den jakitea; esaterako, baliteke lurrazal izatea egokiagoa testuinguru jakin batzuetan…