Galdera

 

Onartuta dago izertzan idaztea, “izerdi asko dariola” adieran? 

 

Data: 2013/10/07



Erantzuna

 

 

Oraindik ez du sartu Euskaltzaindiak bere Hiztegi Batuan, baina horrek ez du esan nahi gaitzesten duenik.

 

 


1/ Hiztegi Batuaren sarrerak honela dio: “[…] Hiztegian jasotzen ez diren hitzei buruz esan behar da, bestalde, Euskaltzaindiak ez dituela oraingoz onartzen, baina ezta gaitzesten ere. Nahiago izan dugu alderdiren batetik eragozpenen bat agertzen duten hitzak bigarren ekinaldiko azterketa zehatzagoaren ondoren onartzeko utzi […]”.

Beraz, litekeena da jasotzea zure izertza(n) hori hurrengo ekinaldian. Hala gertatuko balitz, (Bizk.) etiketa edukiko luke zalantza barik. Jarraitu dezagun Hiztegi Batuaren sarrerarekin kontu hori argitzeko –apur bat laburtuta doakizu–: “[…] Euskalki markaren bat azaltzen duten hitz horiei buruz esan behar da asmoa ez dela inondik ere horrelako hitzak baztertzea; aitzitik, Euskaltzaindiak bultzatu egin nahi ditu idazleak hitz horiek erabiltzera, horrela euskaldun guztien ondare komuna bihurtuz joan daitezen”.

Horregatik guztiagatik, aholkatzen dizugu lasai asko erabiltzeko izertza(n), bai ahozko hizkuntzan, bai idatzian. Arazo bakarra izan liteke solaskideak edo irakurleak ez ulertzea, baina hori zuk zeuk neurtu behar duzu, Edorta Jimenezek Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan liburuko pasarte honetan izertzan aukeratzean neurtu behar izan zuen bezala:


“Lasterketako pilotua zenez, ez zegoen arriskurik, teorian behintzat, eta hala ere, bira-kontagailuari begiratzen nion aldiro, izertzan hasten nintzen".

 

Edo, zer esanik ez, Miren Agur Meabek bere Kristalezko begi bat liburuan (2012) talotu, trentindun, trilatu, txanbiur…eta horrelako hitzak sartzea erabaki zuenean


       2/ Formula ugari daude euskaraz “izerdi asko dariola” adierazteko; besteak beste:


·        izerdi bitsetan (Bizk.)

·        izerdi lapetan (Ipar. eta Naf.)

·        izerdi patsetan

·        izerdi uharretan (Ipar.)


Lau horiek sarrera lexikal gisa ere ageri dira Hiztegi Batuan. Beste hauek, berriz, ez; baina ageri zitezkeen gehienak:


izerdi beltzetan

izerdi basatan

izerdi bate(a)n

izerdi koipetan

izerdi lamatan

izerdi lapatsean

izerdi mara-maratan

izerdi peletan

izerdi trenpan

izerdi tzirraka

izerdi uharrez

izerdi uretan

izerdi ur-urean

                 izerdi zurrutan

 

Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegitik atera ditugu adibideok; euskararen hiztegi historikotik, nolabait esatearren. Jakina, izertza(n) ere ageri da Orotarikoan:

izertza (Bizk.): sudor copioso.

—IZERTZAN: «Sudando a mares» “Eginkizun onen ostean, izertzan egozan gure gizonok (Felix Bilbao, Ipuin Barreka)

 

 

3/ Kontsultan esan diguzu belartzan, elurtzan, basatzan… erabiltzen dituzula, eta zalantza duzula ea horiek ere zuzenak diren.

Bada, hirurak jasotzen ditu Hiztegi Batuak, eta, beraz, inolako erreparo barik erabili ditzakezu.

 

4/ Izertzan (NOLA galderari erantzuten badio ere, izerditan esaten denean bezala), belartzan, elurtzan, basatzan, lokatzan, lupetzan, kakatzan… denak daude modu berean eraikita:

 

IZENA  +  -(T)ZA atzizkia  +  NON kasu marka

                                                           belar      +     -(t)za    +     -n

izerdi (→izert-)    +    -(t)za +       -n