Galdera

 

“Zaharrak ez dira errudun” edo “Zaharrak ez dira errudunak”? Edo biak? 

 

Data: 2013/10/11



Erantzuna

 


Biak dira zuzenak, artikulurik gabea eta artikuluduna. Artikulua noiz kendu daitekeen esatea beste kontu bat da: ez dago araurik; joerak baino ezin dira aipatu.

 

 

Euskaltzaindiaren gramatika liburuetatik atera dugu doakizun informazioa; zehazkiago, EGLU-I eta Euskal Gramatika Laburra liburuetatik.

 

 1/ Ipar Euskal Herriko hizkeretan, joera handia daukate adjektiboari artikulua kentzeko izan aditzeko osagarri predikatiboetan (barkatu hizkera teknikoa erabiltzea!); Hego Euskal Herrikoetan, ostera, askoz ere arruntagoa da mugatzailea eranstea. Edozein modutan, Euskaltzaindiak dio mugagabean erabili ditzakegula adjektiboak kasu horietan:


·         “Epailearen esanetan, obra arduradunak errudun dira, bai langilearen kontrako delituagatik, eta baita, izandako lesioengatik ere”

·         “Eta eginbide horretan errudun dira bai lehen biografoa, Zelano […], eta bai Bonabentura […] ere”

·         “Zintzoak eta ezjakinak bandidoak bezain errudunak dira

·         “Etikoki errudunak dira, baina legalki arrazoi dute”


 

2/ Izan aditzarekin, osagarri predikatiboa izena (edo izen sintagma) ere izan daiteke:


·         “Alberto gure zuzendaria da”

·         Klubean daukagun entrenatzailea da Amaia”


Euskaltzaindiaren hitzetan: «Baina izen horrek zerbait orokorra adierazten badu, nolabaiteko adjektibo modura-edo interpretatu daitekeena, nahiz eta berez izena izan, orduan zilegi da mugatzailerik gabe ematea». Beraz,


·         “Nahasmen horren lekuko dira presidente aldaketak”

·         “Hots baten, kolpe baten edo oihu baten atari da beti isiltasuna

·         “Sinatutako testuak salbuespen ziren gerra aurreko kazetagintzan: gehien-gehienak anonimoak ziren”

(Jakina, horietan guztietan artikulua erantsi dezakezu: lekukoak, ataria eta salbuespenak)

 



3/ Badira adjektibo batzuk artikulurik gabe agertzeko joera dutenak: zoriontsu, dohatsu, libre, berdin…:


·         “Urtarrilaz geroztik libre naiz edozein talderekin negoziatzeko”

·         Zoriontsu zara?”

 

Beste batzuei, berriz, ezin zaie artikulua jarri: gai, ados, aiher, haizu (zilegi)


·         “Denok gara gai ona eta txarra bereizteko”

·         Schroeder eta Miller ados dira konstituzioaren oinarrian”

(Ezin duzu gaiak eta adosak esan horietan, noski)

 

Subjektua perpaus bat denean, mugagabean joan daiteke adjektiboa:


·         Zail da ariketa guztiak txarto egitea”

·         On da erregearen sekretua isilpean gordetzea”

·         Harrigarri da zenbat artistez inguraturik gauden gure lurralde txikian!”

(Jakina, zaila, ona eta harrigarria erabili ditzakezu esaldi horietan)