Galdera

 

'Barreka' edo 'barrezka'? 

 

Data: 2013/10/30



Erantzuna

 

 

Biak dira zuzenak euskara batuan.

 

1/ Euskal hitzen forma estandarrak zein diren erabakitzea da Euskaltzaindiaren betebehar garrantzitsu bat, eta forma horiek guztiak Hiztegi Batuan zehazten ditu (Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran duzu, beste hiztegi askorekin batera, Hiztegi Batua). Bertan kontsulta egin, eta biak topatuko dituzu:


  • barreka
  • barrezka adlag. Batez ere Bizk. 'barrez'

 

Euskaltzaindiaren bedeinkapena izanda, beraz, ez daukazu arazorik bata zein bestea erabiltzeko.

 

 

2/ Dena dela, barrezka formaren kasuan, informazio gehigarria ematen da: adizlaguna dela (NOLA galderari erantzuteko balio baitu, barrekak bezala), eta batez ere bizkaieraz erabiltzen dela: barreka, nolabait esanda, neutroagoa da.

Beraz, gure ustez, aiseago erabili dezakezu barreka edonorako testu edo hitzaldi batean –esaterako–; eta testu horri edo hitzaldi horri bizkaieraren kolorea eman nahi badiozu, barrezka ere erabili dezakezu (gogoratu ezazu barreka bizkaieraz ere esaten dela).