Galdera

 

Atzizki batzuen gainean: noiz erabili -ERA/-KETA/-PEN? 

 

Data: 2013/11/01



Erantzuna

 

Aditzetik datozen izenak eraikitzeko balio dute -era/-keta/-pen atzizkiek (eta bai -kera/-eta/-men haien aldaerak eta -tze/-tza/-kuntza/-zio/-dura/-mendu/-kunde atzizkiek ere). Baina ezin da aurrez esan haietako zein zer aditzekin erabili behar den, eta oso zaila izango da kontu honetan irizpide orokorrak finkatzea inoiz.

 

 

Oharra: Erdaraz, gero eta joera handiagoa dago aditzetatik datozen izenak erabiltzeko. Eta, euskaraz bezala, hainbat atzizkirekin eraiki daitezke izenak: asimilación, expansión, apertura, extrañamiento, cierre, logro...

 

 

1/ Zer esanahi dute atzizki horiekin eraikitako izenek?


  • Batzuetan, aditzak adierazten duen ekintza-edo adierazten dute:

Komeni zaizu eskulturaren deskripzio zehatzagoa egitea (Komeni zaizu eskultura zehatzago deskribatzea

Kalitate handiko arrain freskoaren bilaketan ibiltzea gustatzen zait gehien (Kalitate handiko arrain freskoa bilatzen ibiltzea gustatzen zait gehien)


  • Beste batzuetan, ekintza horren emaitza, nolabait esatearren:

Erosketak itzultzeko leihatila hurrengo solairuan duzu

Marioren azalpenarekin, berehala ulertu nuen zein zen liburuaren gakoa” 


  • Modua ere adierazi dezakete:

Ibilera xelebrea zeukan Charles Chaplinek bere pelikula mutuetan

Ikastetxe hartako jardueren antolaera gurea baino hobea zen (Ikastetxe hartan, gurean baino hobeto antolatzen zituzten jarduerak)

 


2/ Aditz jakin batekin, horrelako izen bat baino gehiago eraiki daiteke: behin baino gehiagotan aurkitu daiteke aditzoin bera hainbat atzizkiri lotua. Hona hemen zenbait adibide (asko pentsatu barik aukeratutako lagin bat baino ez da):

 

  • Agertu: agerkera, agertze, agerraldi, agerpen, agerkunde (agerketa baino egokiagoak, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren arabera)
  • Ahantzi: ahanzmendu, ahanzte, ahanztura
  • Antolatu: antolaketa, antolaera, antolakuntza, antolakizun, antolakunde, antolamendu…
  • Ezabatu: ezabatze, ezabaketa, ezabapen
  • Gertatu: gertaera, gertakari, gertakizun, gertakuntza, gertari, gertatze
  • Idatzi: idazkera, idazketa, idazkuntza, idazmen (gaitasuna), idazpen, idazte…
  • Ikasi: ikasketa, ikaskuntza, ikaspen, ikaste…
  • Konpondu: konponbide, konponketa, konpontze…

 

Lagina irakurrita, bat-batean etorri zaizkigun galdera batzuk plazaratuko dizkizugu, erakusteko zein zaila den kontu honen gainean ziurtasun apur batekin mugitzea:


Zergatik ez dago ezabamendu, esaterako? Seguruenik, ez duelako inork inoiz erabili: ez dago tradizioan.

Zergatik ez konponpen? Baliteke nolabait kakofonikoa suertatzea ([n] eta [p] hotsak errepikatu egiten dira, modu desatseginean), eta horixe izatea arrazoi bakarra.

Zergatik ez ikaskera edo ikasmen? Oraindik ez dituelako Hiztegi Batuak jaso, baina jaso litzake inoiz.

Sartu aditzetik, zer izen dator? Sarketa, sarpena, sarkuntza, sarrera…: horiek guztiak erabili daitezke? Erabiliz gero, denek dute balio bera? Oso zaila da galdera horiei erantzun egokia ematea… (erdaraz, bide batez esanda, arazo berberak egoten dira: zer izen dator quitar aditzetik, adibidez?)

 

3/ Dena dela, eskainiko dizkizugu gomendio batzuk:

 .

3.1. Euskaltzaindiak ahalegina egin du Hiztegi Batuan tradizio handiena duten formak jasotzeko. Beraz, zalantzazko kasuetan, onena duzu Hiztegi Batuan kontsultatzea.

Esaterako, kontsultan galdetu diguzu ea nola esan behar den, lapurreta ala lapurketa. Bada, Hiztegi Batuak argi eta garbi agintzen digu nola jokatu aldaera horiekin:


·         lapurketa* e. lapurreta (hau da: lapurketa ez dago onartuta euskara baturako; erabili ezazu lapurreta)

·         lapurreta

o        lapurreta egin

o        lapurretan (batez ere lapurretan egin, aritu, jardun esapideetan erabiltzen da)

(Lapurketa formak ez du tradiziorik; lapurreta, ostera, asko erabiltzen da gutxienez Bizkai-Gipuzkoetako hizkeretan)

 

3.2. Erdal erroa denean, komeni da -zio atzizkia baliatzea:


asimilazio, definizio, ebaluazio (eta ez ebaluapen edo ebaluaketa), eboluzio, federazio (eta ez federakunde), kalifikazio (eta ez kalifikapen), negoziazio (eta ez negoziaketa), manifestazio (eta ez manifestapen), transformazio (eta ez transformakuntza)…

 

 

3.3. Euskarak –eta neurri batean inguruko erdarek ere– berezkoa dauka aditzean oinarritutako joskera, eta ez izen horietan oinarritutakoa. Beraz, askoz naturalagoa izaten da aditz-izena baliatzea (-tze/-te atzizkiekin eraikitzen dena) ahal den kasuetan, aldi berean aditz eta izen izaerak baititu (erdarazko infinitiboaren pareko zerbait): on asko eta gaitz gutxi ekarriko digu horrela jokatzeak.


Robertoren presazko atxiloketa agindu du epaileak” → “Roberto lehenbailehen atxilotzeko agindu du epaileak

Irrati-uhinen airean zeharreko hedapena ikertzen ari da Miren” → “Miren ikertzen ari da nola hedatzen diren irrati-uhinak airean zehar

 

Erdarazko zenbait egitura euskaratzeko, nahitaez jo behar izaten dugu aditz-izena erabiltzera, bestela ez dago-eta ganoraz ematerik:

Es imprescindible un inmediato examen de las reacciones del alumnado dentro del aula por parte del profesorado [1] esaldi lardaskatua (Lardaskatua da? Horrelakoak ugari egiten dira egunero gure ofizioan…) ezin da euskaratu azterketa izena erabilita; bai, ostera, aditz-izenaren laguntzarekin:

Guztiz beharrezkoa da irakasleek lehenbailehen aztertzea nola erreakzionatzen duten ikasleek ikasgela barruan

 

Hemen labur eta nola edo hala esandakoa, liburu hauetan daukazu garatuta eta hobeto azalduta: Kalko okerrak (86.-89. or.); Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (86.-90. or.); IVAPeko estilo-liburua (131.-132. or.); Berriaren estilo-liburua; Euskal estilo-libururantz (223.-229. or.); Joskera Lantegi (489.-517. or.)…

 

Kontuz, baina: -tze atzizkiak “zerbait gertatzea” adierazten du, eta ez "zerbait gertatu izanaren ondorioa". Lehenengo adierarako, beraz, beti izango da posible (eta egokia gehienetan) aditz-izena erabiltzea; besterako, izenetara jo beharko dugu (hau da, -pen, -keta… atzizkiekin sortutakoetara), edo zenbaitetan partizipioetara: esan, egin, erabaki… izenak ere badira aditzak izateaz gain:


Barkatu itzazue gaizki esanak eta gaizkiago eginak

Erabaki latzak hartu behar izan ditu gobernu honek”.

 

 

 

[1] inmediato (adberbioa) examen (aditza) de las reacciones del alumnado (objektu zuzena, NOR/ZER) dentro del aula (NON) por parte del profesorado (NORK)