Galdera

 

“Gerrikoz lotu prakak” edo “Gerrikoarekin lotu prakak”? Noiz ZEREZ eta noiz ZEREKIN? 

 

Data: 2013/11/08



Erantzuna

 

 

 

  • Biak dira zuzenak: “gerrikoz lotu” eta “gerrikoarekin lotu”.

  • “Gerrikoaz lotu”, berriz, ez.

 

 

1/ “Tresna” edo “bitarteko” adierazteko, aholkatzen dizugu…


  • ZEREZ kasua mugagabean bakarrik erabiltzea:

Eskuz jo du pilota.

Esku hutsez oratzen zion burdina goriari.

Harri txikiz apaindu zion amari feng shui jardina.


  • mugatua denean (singularra zein plurala), ZEREKIN kasua erabiltzea:

Ezkerreko eskuarekin bikain jotzen du pilota.

Erreka bazterrean batu dituen harri txikiekin apaindu dio amari feng shui jardina.

Mailurik handienarekin lortu zuen mahai zahar hura apurtzea.

Aizkora batekin jo zion kolpea.

 


2/ Orduan, noiz erabili instrumentala (ZEREZ) mugagabean, mugatu singularrean eta mugatu pluralean?


2.1. Aditzak osagarri modura instrumentala hartzen duenean (baliatu, jabetu, konturatu, arduratu…):


Zuri ikasitako berbez baliatu nintzen ugazabari erantzuteko.

Mailurik handienaz baliatu zen mahai zahar hura apurtzeko.

 

Maitemindu, gustatu, fidatu, gogoratu… eta beste aditz batzuekin nola jokatu, behin hala prestatu genuen erantzun (luze)a irakurtzera gonbidatzen zaitugu.

 

2.2. “Gaia” adierazten denean (-(r)en gainean eta -(r)i buruz egituren parekoa):


Sarrionandiaren hainbat liburuz hitz egingo dute literatura jardunaldietan.

Jaume Cabré-ren liburu berriaz jardun dute mahai-inguruan.

Zure liburuez errezelozko ohar iraingarri bat entzun nuen azokan.

 

2.3. Hainbat postposiziotan:

Mendiaz haratago, berealdiko lautada bat ikusiko duzu, hamar egunean ere zeharkatu ezin dena.

Mendiez bestaldetik etorri zitzaizkigun arerioak.

Zortzi emakumez gain, bi gizonezkok lortu zuten kostaldea iristea.

 

2.4. Pasiboetan, “agentea” markatu nahi denean. Baina ez dizugu adibiderik emango. Gure gomendioa da –ahal dela– pasiborik ez erabiltzea; eta, erabiliz gero, agentea NORK kasuan ematea.

 


3/ Lehen puntua nolabait osatzeko, ohartarazi behar zaitugu adberbio edo adizlagun batzuk ZEREZ kasuan joan daitezkeela mugagabean, baina beste kasu batzuk hartzen dituztela ezinbestean mugatuak direnean:


  • Oraindik ez du ikasi euskaraz hitz egiten, baina

Oraindik ez du ikasi euskara batuan hitz egiten

(Zuzena da noski Euskara batuaz hitz egin, baina Euskara batuaren gainean hitz egin /Euskara batuari buruz hitz egin esanahiarekin bakarrik)

  • Autoz etortzen naiz lanera, nahiz eta metroa eskueran eduki, baina

Emaztearen autoan etortzen naiz lanera, nahiz eta metroa eskueran eduki

  • Gauez egiten dut lan hobekien, baina

Hurrengo gauean egingo dut lan.

 


4/ Ez gara gehiago luzatuko. Informazio guztia ezin da, noski, honelako erantzun batean txertatu. Esaterako, ez dizugu aipatu nola erabili instrumentala aditzekin (esanez), edo esapide batzuk ZEREZ kasuarekin osatuta daudela (bihotz-bihotzez, etxez etxe, batez beste…), edo iraupena adierazteko erabili daitekeela (hogeita lau orduz)…

 

Halandaze, bibliografia erreferentzia batzuk emanda amaituko dugu: