Galdera

 

“Kaferik nahi? Ez, hartu berri(a) dut / Ez, hartu berria naiz”: Zein da zuzena? 

 

Data: 2013/11/11



Erantzuna


Hirurak dira zuzenak:


1.      Kafea hartu berri dut.

2.      Kafea hartu berria dut.

3.      Kafea hartu berria naiz.

 

 

Saiatuko gara nolabait azaltzen zergatik diren zuzenak. Dena dela, sintaxiaren munduan sartu beharrean gaude, eta baliteke asper festa gertatzea…

 

1/ Nola demontre izan liteke denak aldi berean zuzenak izatea? Ikuspuntu sintaktikotik oso desberdinak direlako:


  • hartu berri(a) dut esaten dugunean, kafeari dagokio hartu berria osagarria (“predikatu osagarria” da hitz teknikoa).
  • hartu berria naiz esaten dugunean, berriz, ni subjektuari dagokio hartu berria osagarria.

 

 

Hala dela frogatzeko, egin dezagun esperimentu bikoitz bat:

a.      Zer gertatzen da kafea (singularra) jartzen duen lekuan beste izen bat jarrita pluralean?:


·        Oporrak hartu berriak ditut: objektua (oporrak) plurala denez, pluralean doa ezinbestean haren osagarria (hartu berriak).

·        Oporrak hartu berria naiz: nahiz eta objektua pluralean joan, hartu berria osagarria ni subjektuarena denez, singularrean doa.

 

b.      Zer gertatzen da, berriz,  ni (singularra) jartzen duen lekuan gu (pluralean) jarrita?:


·        Kafea hartu berria dugu Malenek eta biok: objektua (kafea) singularra denez, singularrean doa ezinbestean haren osagarria (hartu berria).

·        Kafea hartu berriak gara Malen eta biok: subjektua (Malen eta biok) plurala denez, pluralean doa ezinbestean haren osagarria (hartu berriak).

 

 

2/ Beraz, hiru esaldi zuzen ditugu, eta hirurak dira desberdinak sintaxiaren aldetik:

 

 

 

Zeren parekoa?

Kafea hartu berri dut.

[Kafea]

+

[hartu berri dut]

+

(nik)

Kafea hartu dut1.

obj.zuz.

 

aditza

 

subj.

 

1 Esaldi arrun-arrunta da. Berri txertatzeak ez du ezer aldatzen: kafea hartu berri dut (kafea hartu dut), kanpotar batzuk ezagutu berri ditut (kanpotar batzuk ezagutu ditut), Sara eta Jon ikastolara heldu berri dira (Sara eta Jon ikastolara heldu dira)

 

Zeren parekoa?

Kafea hartu berria dut.

(Hartu berria dut kafea)

[Kafea]

+

[hartu berria]

+

[dut]

+

(nik)

Burua handia2 dut.

(Handia dut burua)

obj.zuz.

 

obj.zuzenaren osagarria

 

aditza

 

subj.

 

2 Partizipioa, berez, aditz-adjektiboa da, eta, beraz, adjektiboen jokabide berbera du:

Pertsona interesgarriaPertsona nekatuaPertsona ongi hezia

 

 

Zeren parekoa?

Kafea hartu berria naiz3.

[kafea hartu berria]

+

[naiz]

+

(ni)

Buru-handia naiz.

subjektuaren

osagarria

 

aditza

 

subj.

 

3 Beste adibide batzuk:

·         Kirol jarduera asko eta asko Iñaki gure irakasleak iaz diseinatutakoak dira.

·         Atzerriko herri ugari ikusia eta ehunka liburu irakurria da gure Koro.

 

 

3/ Amaitzeko, zure kontsultarekin lotutako kontutxo bat. Berri izenondoaren antonimoa zahar izanik, etorri berri(a) delakoaren antonimoa etorri zahar(ra) da. Adibide batzuk eskainiko dizkizugu (euskara batura ekarriak), Orotariko Euskal Hiztegia Euskaltzaindiaren hiztegi historikoan jasoak:

 

Bildu zaharra = “cueilli dès longtemps” (orain dela asko bildua)

Ez gara bazkaldu zaharrak = “il n'y a pas longtemps que nous avons dîné”  

Gutxienik hiru oren jan zahar behar dira izan, urean sartu gabe.

Ez naiz Donostian izan zaharra.

Lehenago hain urruti egiten zen Barbari aldera kaminoa dago; ez da hain egin zaharra, baina.

 

Areago: ezkonberri, jaioberri… kontzeptuak sortu diren modu berean, badaude zahar izenondoaren  gainean eraikiak:

Jan zaharra = “el que está en ayunas, por lo menos sin haber comido desde horas atrás”

Ezkondu zaharra: Ez zen ezkondu zaharra hil zenean.