Galdera

 

'Euskararen eguna' edo 'euskara eguna'? 

 

Data: 2013/11/13



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak. Baina euskararen eguna erabiltzea gomendatzen dizugu.

 

Guk geuk, esan bezala, euskararen eguna aukeratuko genuke (eta, beste kontsulta batean idatzi genuen bezala, irakasle gela baino irakasleen gela dugu nahiago). Jakina, oso emankorra da hitz elkarketa euskaraz (aberri egun), baina, batzuetan, badirudi ahaztu egiten zaigula izenlagunen bidea ere erabili dezakegula (eskolaren eguna). Hitz elkartu baten aurrean, asmatu egin behar dugu zein den bi osagaien arteko harreman sintaktikoa. Esaterako, zer da emakume literatura: emakumeek berek egindako literatura, ala –gizonek zein emakumeek– emakumeentzat propio egindakoa? Euskaltzaindiaren 25. arauan ere ("Hitz elkartuen osaera eta idazkera") kontu hori aipatzen da:


«Askotan eta egoki balia daitekeen hitz-elkarketak ere baditu, ordea, bere mugak. Osagaien arteko erlazio ilunak direla medio, mezu-hartzailearentzat ulergaitz gerta daiteke hainbat kasutan hitz elkartua. Hobe da kasu hauetan eraikuntza sintaktiko libreetara jo, argitasunaren mesedetan: unibertsitateko irakasleak, merkatuaren bilakaera, udaletxeen antolamendua edo elizbarrutiko museoa esan eta idatz dezagun halakoetan, unibertsitate-irakasleak, merkatu-bilakaera, udaletxe-antolamendua edo  elizbarruti-museoa modukoetara lerratu gabe.»

 

IVAPen Galdezka liburuko"Adjektibo erreferentzialak" atalean ageri diren adibideak aldatuko dizkizugu hona:


hortz haria  → hortzetako haria

haur literatura → haurrentzako literatura

eguzki energia → eguzkitiko energia

zehar ebakidura → zeharkako ebakidura