Galdera

 

Ikasgaien izenak: Idazmena edo idazketa? Irakurmena edo irakurketa

 

Data: 2013/11/20



Erantzuna

 

 

Idazketa eta irakurketa erabili behar dituzue, gure ustez.

 

 Aditzetik datozen izenak eraikitzeko, -era/-keta/-pen atzizkiak (eta bai -kera/-eta/-men haien aldaerak eta -tze/-tza/-kuntza/-zio/-dura/-mendu/-kunde atzizkiak ere) erabiltzen dira euskaraz. Baina ezin da aurrez esan haietako zein zer aditzekin erabili behar den, eta oso zaila izango da kontu honetan irizpide orokorrak finkatzea inoiz. Kontu honen gainean, beste kontsulta izan genuen, eta esteka honetan duzu erantzuna.

 

Dena dela, badirudi gaitasuna edo antzeko zerbait adierazteko espezializatu dela -men atzizkia. Hala, Hiztegi Batuak argi eta garbi diosku zer diren idazmen eta irakurmen:


·        idazmen ‘idazteko gaitasuna’

·        irakurmen ‘irakurtzeko gaitasuna’

 

Beraz, ez dago idazmen eta irakurmen erabiltzerik ikasgai horiek izendatzeko, gure ustez.

 

Hainbat aukera geratzen zaizkizue: idazketa, idazkuntza eta idazpena, batetik; eta irakurketa eta irakurpena, bestetik. Bietan atzizki bera baliatzearren, eta idazpen eta irakurpen arraro samarrak egiten zaizkigunez, idazketa eta irakurketa hobetsiko genituzke guk geuk.