Galdera

 

'Ecolocalización': zelan esan euskaraz? 

 

Data: 2013/11/26



Erantzuna

 

Ekolokalizazioa da, gure ustez, euskal ordainik egokiena.

 

 

1/ Egia da eco (fr. écho, ing. echo) oihartzuna dela euskaraz (hitz arrunta, beraz), eta oihartzun bidezko lokalizazioa edo horrelako zerbait izan litekeela soluzio bat.


Baina kontuan hartu arazorik gabe onartu direla euskara teknikoan ekografia eta ekolalia terminoak, esaterako:


·        Ekografia: Gorputz-atalak ultrasoinu bidez aztertzeko teknika: ultrasoinuak jaurtitzen zaizkio aztertu nahi den gorputz-atalari, eta, ultrasoinuok gorputza jo ondoren, uhin horien oihartzuna itzultzen da.

·        Ekolalia: Medikuntzan, hizkuntzaren nahasmendu bat da, pertsona batek bere solaskideak erabili berri izan duen hitza edo esaldia modu inkontzientean errepikatzen duenean (edo haren hizketa modua inkontzienteki imitatzen duenean) gertatzen dena, oihartzun efektua sortuta.

(Termino horrekin batera, ekopraxia dago, solaskidearen keinuak edo mugimenduak inkontzienteki imitatzea; baina ez dute jasotzen gure hiztegiek)

 

 

Ez dira guztiz parekoak, ordea, azken adibide horiek biak eta proposatu dizugun terminoa: lokalizazio bada sarrera lexikal beregaina, baina ez horrenbeste grafia (gr. Γραφ¿α, “idaztea”), ez eta lalia (gr. Λαλι¿, hizketa”) ere. Baina Elhuyar hiztegian, beste termino hau topatu dugu: ekozunda. Badauka noski oihartzunarekin zerikusia, eta zunda sarrera lexikal beregainaren gainean eraikita dago, gure ekolokalizazio bezala. Horregatik guztiagatik uste dugu ordain egokiena izan litekeela.

 

 

2/ Zoritxarrez, euskaraz eta gaztelaniaz (eta katalanez, eta italieraz…; baina ez frantsesez, ingelesez, alemanez…!) modu berean entzuten eta –beraz– idazten dira eko- biak: batetik, etxearekin zerikusia duen erroa (gr. ο¿κος: ekologia, ekonomia…), eta oihartzunarekin zerikusia duena (gr. ¿χ¿, lat. echo: ekolokalizazio, ekografia…).

Beraz, irakurlea ez dadin nahastu, lehenbailehen jabetu dadin zer dagoen ekolokalizazio horren funtsean, komeni zaizu lehen agerpenean (izenburuaren aldamenean, parentesi barruan, esaterako) nola edo hala azaltzea zertan den lokalizazio teknika hori:


EKOLOKALIZAZIOA (OIHARTZUN BIDEZKO LOKALIZAZIOA)