Galdera

 

Etxeko lanak: 'bidali' ala 'agindu'? 

 

Data: 2013/12/03



Erantzuna

 

Etxeko lanak agindu egiten dira.

 

 

1/ “Etxeko lanak bidali”, seguruenik, oso zabalduta egongo da gure ofizioan, baina erdararen interferentziagatik sortu den kalko okerra da. Honelakoak erabili ditzakezu haren ordez:

 

·        Mate irakasleak etxeko lan asko agindu dizkigu.

·        Etxeko lanak biharko egiteko agindu digu mate irakasleak.

·        Mate irakasleak lan asko eman dizkigu etxean egiteko.

·        Mate irakasleak lan asko eman dizkigu etxerako.

 

Hona Euskaltzaindiaren Hiztegiak zer jasotzen duen agindu aditzaren kontura, haren 3. adieran, zure kontsultari beren-beregi baitoakio:

agindu 3 du ad. Norbaiti lan jakin bat gauzatzeko esan. Unibertsitateak agindu zidan txosten hau. Agindu diodan uztarria egin duen galdetu diot.

 

 

2/ Bidali sasiko horrekin gertatzen dena beste aditz batzuekin ere gertatzen da, jakina. Adibidez, “txirula ukitu” (!!!) esaten denean, “txirula jo” esan beharrean. Suposatzen dugu gutxik eta gutxitan egiten dutela huts hori, baina horrelako beste kalko oker batzuk izurriteak bezala zabaltzen ari dira, baita euskarazko komunikabide hoberenetan ere! Hala, eman aditza behin eta berriro erabiltzen da gertaturen adieran:


*Iaz, auto-istripu gutxiago eman ziren aurreko urtean baino.

*Egun hartatik aurrera eman diren mugimenduek Itoizko urtegiaren inguruko herritarren kezka piztu dute.

 

 

3/ “Etxerako lanak” idatzi duzu kontsultan, eta horren gainean pare bat kontsulta egin dizkigute dagoeneko. Gure erantzuna zein izan den kontsultatu nahi baduzu, hona hemen esteka: deberes; eta haren arrazoia, beste erantzun honetan saiatu ginen azaltzen (NORAKO kasua).