Galdera

 

“Igandeetan, Jone amaren etxera joaten da bazkaltzera” eta “Igandeetan, Jone amaren etxera joan ohi da bazkaltzera”: esanahi berekoak dira? 

 

Data: 2013/12/03



Erantzuna


Bai, gure ustez, bi-biek dute esanahi bera.

 

 

Zehaztu beharreko alderdi ugari ditu zure kontsultak; besteak beste:


  • Noiz erabiltzen da ohi partikula?
  • Zein dira aditzen -t(z)en amaieraren balioak?
  • Badago ohitura adierazteko bestelako baliabiderik?

 

 

 1/ Garai batean, orokorra zen ohi erabiltzea euskalki guztietan maiztasuna edo ohitura adierazteko; gaur egun, berriz, galduta dago bizkaieraren eremu handi batean, esaterako. Aipatu ditzagun ezaugarri batzuk:


a/ Aditz iragankorrekin zein iragangaitzekin erabili daiteke:


Marcelo Bielsak jokalari berberen alde egin ohi du apustu.

Zornotzako nazioarteko krosaren lekuko izan ohi den zelai bera izango da, euskal probaren epaile.


b/ Gaur egun, eskema hau nagusitzen ari da euskara estandarrean:


[partizipioa + ohi + aditz laguntzailea (orainaldian zein iraganean)]

Erizainak bihotzeko arazoak dituzten gaixoei eman ohi zaien botika bat eskaini zion.

Senarrak sarri jipoitu ohi zuela salatu zuen Rania al Baizek, telebista bidez.

 

Baina, Ipar Euskal Herriko hizkeretan, partizipioa barik -t(z)en amaierako formak dira nagusi:


Taldean, bi ahizpek nahi zutena egiten ohi zuten (Dans le groupe, les deux soeurs avaient l'habitude de faire ce qu'elles voulaient).

Chirac presidentak Jaoundé Kameruneko hirian parte hartu du Frantziak eta frantsesa emaiten duten afrikano erresumek egiten ohi duten bilkuran.

 

Are gehiago, lehenengo lekukoetatik hasita, adizki trinkoekin ere agertzen zen ohi partikula:


Celangoa baysta amea, alangoa oyda alabea (Zelakoa baita ama, halakoa ohi da alaba).

Inbaditutako lurraldean inurriak bezala ohi dabiltza zelatariak.

 

2/ Ohi partikuladun esaldiek beti adierazten dute maiztasuna edo ohitura; ez da berdin gertatzen, berriz, orainaldi ez-burutuarekin (“etortzen da”):


a/ Jakina, errepikatzen den zerbait adierazi dezake, kontsultako esaldian bezala :


Gehienetan, metroan noala egiten ditut sudokuak.


b/ Momentuko (puntukaritasuna) zerbait ere bai:


Ikusten dut zein azkar osatzen ari zaren sudokua.


                c/ Zenbaitetan, geroaldiko zerbait adierazi dezake:


Gabonetako loteria tokatzen bazait, segituan utziko dut lanpostu hau.

 

d/ Eta –amaitzeko– denboran mugarik ez duen zerbait:


Kepa ondo baino hobeto ezagutzen dut.

 

Askotan, testuinguruak esaten digu noiz hartzen duen balio bat edo beste, bi adibide hauetan ikusten den bezala:

Bai, gogoratzen dut nola etorri zinen lanegun batean pamela batekin. (puntukaria)

Pamela batekin etortzen zaren bakoitzean, gogoratzen dut nik ere xistera bat erosi behar dudala. (ohiturazkoa)

 

 

3/ Kontsultaren bigarren partean, aipatzen duzu ez legokeela lehenengo esaldia (“Igandeetan, Jone amaren etxera joaten da bazkaltzera”) egiterik aurrerantzean ekintza hori ezinezkoa balitz (amarenera joatea, hain zuzen ere, esaterako– etxea atzo erre egin zelako). Gure ustez, horrelako kasu batean ,“Igandeetan, Jone amaren etxera joan ohi da bazkaltzera” esaldiak ere ez luke zentzurik izango.

 

Zure kontsultan, “Igandeetan, Jone amaren etxera joaten da bazkaltzeneta “Igandeetan, Jone amaren etxera joan ohi da bazkaltzenidatzi diguzu; hau da, “bazkaltzera joan” orokorra barik, “bazkaltzen joan” erabili duzu, bizkaierazko hizkera gehienetako forma. Eman dezagun amaren etxea erre egin zela atzo. Orduan, zelan esango litzateke esaldia, zure ikastetxea dagoen herrian, Galdakaon, bertako euskaran? Honela (euskara batura ekarrita, fonetismorik gabe):

“Domeketan, Jone amaren etxera joaten izan da bazkaltzen (; hemendik aurrera, auskalo zer egingo duen)”.

 

Eta gipuzkeraz?:“Igandeetan, Jone amaren etxera joan izan da bazkaltzera (; hemendik aurrera, auskalo zer egingo duen)”.

 

 

4/ Hona erantzun hau osatzeko erabili dugun bibliografia:

 

·        Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-II (EGLU-II); batez ere, 462.-466. orrialdeak (15.5 atala: “OHI”), eta 419.-420. orrialdeak (14.3.2 atala: “Orain ez burutua: «Etortzen da»”).

·        Villasante, Luis: Sintaxis de la Oración Simple, Editorial Aránzazu, 1980; batez ere, 84.-89. orrialdeak (X. kapitulua: “Oraciones que expresan la costumbre o frecuencia del acto”).

·        Respaldiza, Juanjo: “-Ten izan dot/naz aditz egiturearen ganean” artikulua, in Mendebaldeko berbetearen formalizazinoa, Mendebalde arg., 2000.

·        Orotariko Euskal Hiztegia (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna-barran duzu): ohi eta izan sarrerak.

·        Euskaltzaindiaren Hiztegia: ohi sarrera.

·        Nola erran frantses-euskara hiztegi elektronikoa: habitude sarrera.