Galdera

 

'Irratsaio' ala 'irrati saio'? 

 

Data: 2013/12/04



Erantzuna

 

Gure ustez, biak dira zuzenak. Hiztegi ofizialek, baina, irratsaio forma jasotzen dute.   

 

 

1/ Euskal hitzen formak zein diren erabakitzea da Euskaltzaindiaren betebehar garrantzitsuenetako bat, eta erabaki horiek guztiak Hiztegi Batuan argitaratzen ditu (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna-barran duzu, beste hainbat hiztegirekin batera). Bada, bertara jota, konprobatuko duzu badagoela onartuta.

 

Gainera, gure akademiak 2012an argitaratu zuen (azkenean ere!) Euskaltzaindiaren Hiztegia, hitzen definizioak jasotzen dituena, eta bertan ere –noski– ageri da irratsaio:


irratsaio iz. Irrati emanaldia. Goizeko hamarretako irratsaioan. Gaueko hamabietan bukatzen ziren irratsaioak. Ordu erdiko irratsaioa ematen dute egunero frantsesez. Irratsaio batzuk prestatu ditu sukaldaritzaz.

 

 

2/ 1961ean azaldu zen aurreneko aldiz irratsaio hitza idatzita literaturan. “Irrati emanaldia edo programa” adierazteko termino hori norbaiti bururatuko zitzaion, proposamen hori zabaldu, eta arrakasta izan du. Horrexegatik onartu du Euskaltzaindiak.

 

Irratsaio hitz elkartua da, [irrati + saio] delakotik abiatuta egokitzapen fonetiko batetik sortua. Hitza sortu zenetik 70 urte baino gehixeago pasatu dira, eta irudipena dugu gaur egun sortu behar balitz irrati(-)saio formarekin sortuko genukeela, aldaketa fonetikorik gabe1. Eta hori dela-eta uste dugu irrati(-)saio horrek ere ez duela inolako aitzakiarik, bertso(-)saio, korrika(-)saio… eta molde berean eraikitako beste guztiek bezala.

 

1Garai batean, Erdi Aroan indarrean zeuden arau fonetikoengatik,

·         errege + bide → erret + bide → errepide

·         errege + baratz(e) → erret + baratz(e) → erreparatz(e)   (Reparaz deitura)

·         gurdi + bide → gurt + bide → gurpide      (Gurpide deitura)

·         ardi + zain → art + zain → artzain 

irrati + saio → irrat + saio → irratsaio      (baina Erdi Aroan ez zegoen irratirik!)

 

 Gaur egun, berriz, azentua-eta aldatu egin denez batez ere,

·           errege + aulkia → errege(-)aulkia

·           errege + akademia → errege(-)akademia

·           gurdi + bide → gurdibide

·           ardi + zain → ardizain      (baina ez da esaten, artzain ‘heredatu’ dugulako)