Galdera

 

'Irten' eta 'atera' aditzak: nola erabili? 

 

Data: 2014/01/10



Erantzuna

 

Irten = kanpora joan

Atera = kanpora eraman (eta, zure inguruko euskaran honela ere erabiltzen bada,

= kanpora joan).

 

 

1/ Kontsultan aipatzen duzunetik ondorioztatu dugunez, zure euskaran bereizi egiten dituzue irten (urten) eta atera aditzak, berdez nabarmendu dizugun zentzuan. Gure aholkua da eustea bereizketa horri, zure hizkera propioan halaxe egiten duzuelako (baita egokia delako ere).

 

 

2/ Baina kontuan hartu behar duzu beste hizkera batzuetan ez dela bereizketa hori egiten: “kanpora joan” eta “kanpora eraman” bi adieretarako erabiltzen da atera aditza. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, zubererazkoa eta bizkaierazkoa izan ezik gainerako beste euskalkietako usadioa da (askotan, beste hitz batzuekin lehian). Eta erabilera hori erdialdeko euskaretakoa delarik, erraza da ulertzea zergatik zabaltzen ari den horrenbeste.

Euskaraz, beraz,

“Etxetik… irten (urten, erten) / atera (atara, ateratu…) / jalgi (jalki, jelki, jaulgi…) / ilki (elki, elkitu…) naiz”.

eta

“Etxetik… atera (atara, ateratu…) / idoki dut txakurra”.

(euskara batuko formak letrakera lodiz eta hondo berdez nabarmendu dizkizugu)

2012an, Euskaltzaindiaren Hiztegia argitaratu zen, euskarazko lehen hiztegi ofiziala. Euskara batuko hitz baten esanahia(k) zein d(ir)en jakin nahi baduzu, hara jo dezakezu. Hala, atera sarrera lexikala bertan kontsultatu, eta ikusiko duzu lehen adiera dela “kanpora eraman”, eta laugarrena “kanpora joan”. Gure ustez, aintzat hartu beharreko kontua da hori: egokia da zuk egiten duzun bereizketari eustea.

 

 

3/ Amaitzeko, ohar bat eta etimologia kontu bi.

·        Euskara batuan, NOR sailekoa da irten aditza (“irten naiz); bizkaieraz eta gipuzkerazko hizkera batzuetan, berriz, NOR-NORK sailekoa (“urten dot”, “irten det).

·        Ateraren etimoa hau da: at(e) + -ra (NORA kasuko atzizkia)

·        Mitxelenaren ustez (Fonética Histórica Vasca bere tesian dioenez), irten aditzak (eta haren aldaera guztiek) oso jatorri berezia du(te):

*eurten < e(g)orten (egorri, igorri aditzaren aditz-izena + -n)