Galdera

 

Nola eman euskaraz “una multa de hasta cinco mil euros”? 

 

Data: 2014/01/14



Erantzuna

 

 

Bost mila euro arteko isuna

 

 

1/ Ez dakigu norako behar duzun esapide hori, eta agian beste zerbait proposatu genezake testuingurua zein den bageneki, informazioa beti eman baitaiteke modu batean baino gehiagotan: “Gehienez, bost mila euroko isuna izango da” esaldiaren pareko zerbaitek ere balio lezake... Auskalo!

 

2/ Ereduzko Prosa Gaur corpusean kontsultatu, eta proposatu dizugun bideari jarraitzen dioten hainbat eta hainbat esaldi aurkitu ditugu. Hona hemen haietako batzuk:

 

·         Baimenik gabe panfletoak, testuak, propaganda eta antzekoak ezingo dira kalera bota, eta hala eginez gero, 3.000 euro arteko isuna izango da ordainean.

·         «Akziodunen interesekin bat egiteko» pagatuko die 700 milioi euro arteko ordainsaria zuzendariei.

·         Espainiako Osasun Ministerioak, tabakismoari aurre egiteko prestatu duen lege proiektuaren arabera, milioi bat euro arteko isunak jarri nahi ditu legea ez betetzeagatik.

·         Etxe horiek «43.000 euro arteko diru sarrera dutenek eskuratu ahal izango dituzte».

·         Portugaleteko Udalak 3.000 euro arteko isunak ezarriko dizkie «terrorismoaren biktimei min eman diezaieketen kartelak» ipintzen dituzten txosnei.

 

Eredu horretatik kanpo, esaldi bat baino ez dugu aurkitu (Ipar Euskal Herriko Herria astekaritik hartutako hau):

·         Egoera hortaz kezkaturik, herri zenbaitetan, hala nola Elgoibarren, ordenantza berri batzu hartu dituzte udalek, 3.000 eurorainoko multak edo isunak ezarriz karriketako "botoileroeri".

 

(Ereduzko Prosa Gaur izeneko corpusean, ikus dezakezu nola erabiltzen diren euskara modernoan hitzak beren testuinguruan. Hitz bat aukeratuz gero, hitz hori biltzen duen esaldia bistaratuko zaizu, eta aplikazioak emango dizkizu xehetasun guztiak: nork erabiltzen duen, nondik hartua den, eta abar. Bertan, euskal idazle batzuen azken urteotako testuak biltzen dira, bai eta Berria egunkarikoak eta Herria astekarikoak ere.)

 

 

3/ Gaztelaniazko hasta preposizioa duten esapideak euskaratzeko, boteprontoan esanda, bi aukera daude: -raino deklinazio atzizkia eta arte postposizioa. Oro har, lehenengoa lekuzko adieretan erabiltzen da, eta denborazkoetan bigarrena; “baina bi atzizki horien arteko gurutzaketak askotxo dira eta ez bart arratsekoak, lekua adierazten duten izenek arte eta denbora adierazten dutenek -(r)aino hartzen dutelarik arestian esanaren kontra” (hona ekarri dizugu zer dioen Euskaltzaindiak bere Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I liburuan, 267. orrialdean).

Zure kontsultan, are korapilatsuagoa da kontua, isun bat ez baita ez denborazko zerbait, ezta lekuzkoa ere. Horrexegatik jo dugu zuzenean ikustera zer forma erabiltzen den gehienbat, gramatikari dagozkion azalpenetan sartu gabe.