Galdera

 

'Jokatu' eta 'jolastu': Nola erabili? Zer adizki laguntzaile hartzen dituzte?

 

Data: 2014/01/16



Erantzuna

 

Jokatu: 1. Joko batean aritu (Hego Euskal Herrian, NOR-NORK sailekoa: “Hockey partida gogorra jokatu zuen Realak atzo”)

(Joko: Atsegin hartzeko –eta, askotan, tartean dirua dagoela– egiten den jarduera arautua, batek edo batzuek irabazten eta beste batek edo beste batzuek galtzen dutena)

 2. Portatu (Hego Euskal Herrian, NOR-NORK sailekoa: “gaizki jokatu nuen berarekin)

 3. Apustu egin (NOR-NORK sailekoa: “dirutza jokatu dugu loterian”)

 4./5. […]

Jolastu (edo jostatu): Atsegin edo atseden hartzeko zerbaitetan jardun (NOR sailekoa: “jolastu gara”)

 

 

1/ Esanahiak.

 

Erantzunean eskaini dizugun informazioa Euskaltzaindiaren Hiztegitik jaso dugu(2012an argitaratu zen); beraz, horiexek dira adiera ofizialak, nolabait esatearren.

Esanahiak azaltzeko, jolastu aditzarenarekin hasiko gara. Ondo pasatzea da jolastea, eta hainbat modutan pasatu dezakegu ondo:


·        abesten, dantzan (“Bertako zelaitxo batean jolasten ziren abesten eta dantzan jaiegun arratsaldeetan)…

·        kiroletan (ikusten, praktikatzen…)

·        aktore lanetan arituta lagunaren pelikulatxo amateurretan (“Jolasean hasi zena, etxekoak eta adiskideak kamara aurrean jartzera behartuta, benetan bukatu zen: faboritoa da aurten oskarren lehian”)

·        hizkuntzarekin bertsotan (“Eta batzuentzat maila goreneko lana dena, besteentzat jolas literario hutsal eta ulergaitz samarra da”)

·        ohaidearekin bekatutxoak egiten (“Laztanak, irudiak, usainak eta zaporeak nahastu egiten dira, eta bat egiten dute gidoirik eta araurik gabeko jolas horretan)…

·        …

Beraz, guztiz bateragarriak izan daitezke jolastea eta jokatzea; izan ere, maiz askotan, jokoak berak izaten dira jolasgarri:

Ume askorentzat, eskolak amaitu, eta futbolean jokatzea izaten da jolas egiteko biderik egokiena

 

2/ Laguntzaileen arazoa.


Aditz bakoitzari dagokion laguntzailea zein den jakiteko, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo behar duzu (arau estatusa du bertan jasotzen den guztiak):

·        jolastu, jolas/jolastu, jolasten. da ad.

·        jokatu, joka, jokatzen. 1 du ad.: dirua jokatu du. 2 da/du ad.: era lotsagarrian jokatu dugu/gara (norbaitekin, esaterako)

Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, jokatu aditzarekin bi joera nagusi daude (objektu zuzenik ez dagoenean, jakina): Ipar Euskal Herriko hizkeretan, NOR (da) saileko laguntzaileak erabiltzea da joera nagusia; Hego Euskal Herrikoetan, berriz, NOR-NORK sailekoak (du). Gure aholkua, beraz, NOR-NORK sailekoak erabiltzea da.

 

3/ Askori bitxia egiten zaio jolastu aditza NOR sailekoa izatea, seguruenik gehienetan jokatu aditzarekin konparatzen dutelako.  Baina beste hainbat aditzekin gertatzen da gauza bera: dantzatu, solastatu, borrokatu, mintzatu... (horren gaineko informazioa, 'Dantzatuko gara' ala 'dantzatuko dugu'? kontsultaren erantzunean duzu).

Gainera, euskal hiztun askok eta askok ez dute jolastu erabiltzen: askoz ere arruntagoak egiten zaizkie forma hauek:


·         jolasean (ari izan, ibili…): “Ez natzaizu jolasean ari: serio-serio nabilkizu”; “Jolasean dabiltza bildotsak soroan”; “Jolasean jarduten du arratsalde osoa: ez ditu eskolako lanak inoiz egiten

(borrokan ibili, dantzan ibili…)

·         jolas egin / jolasean egin: Neskatiltto batzuekin maiz egiten zuan jolasean Patxik”; “Finean, horixe baino ez da bertsoa: hizkuntzarekin jolas eginez, zerbait gustagarria sortzea, norberarentzat eta jirako entzuleentzat”; “ Nire amak kontatzen du, irakurtzeko hain obsesio handia neukala, ezen irakurgai guztiak kendu zizkidatela jolas egin nezan”

(borroka egin / borrokan egin, dantza egin / dantzan egin…)