Galdera

 

“Hark txori mordoa du” ala “Hark txori mordoa ditu”? 

 

Data: 2014/01/21



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak.

 

 (Oharra: erantzun honetan eskainiko dizkizugun adibide guzti-guztiak Berria egunkaritik aterata daude)

 

1/ Bi aukerak zilegi dira, bai singularrekoa bai pluralekoa, zenbatzailea zehaztugabea denean:


·         “Euskal idazle ugari dago hitzaldi eta mahai-inguruetan parte hartuko duten sortzaile eta adituen artean: Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria...” (singularrean)

·         Krimifestivalek nobela beltzeko idazle ugari bilduko ditu Munichen(pluralean)

Hori horrela izateko, noski, izenak zenbakarria izan behar du: ez dago esaterik “ur ugari daude” eta horrelakoak.  Jendea, esaterako, zenbakaitza da, eta, beraz:

·         “(Pello) Zabalak gaineratu zuenez, jende ugarik Internetera jotzen du eguraldiaren berri izateko (singularrean ezinbestean)

 

Pertsonak zenbakarriak direnez, berriz, aukeran duzu nola egin komunztadura:


·         Garai hartan, hegaztien gripearen aldaera batek ere indar handia hartu zuen, eta pertsona ugari kutsatu zituen (pluralean)

·         Politika arloko pertsona ugarik egin zuen bat atzo Zubikarairen sendiarekin: Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Iñigo Urkulu Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak(singularrean)

Era berean jokatu dezakezu, beraz, zenbait, gutxi, anitz, franko… zenbatzaile zehaztugabeekin (batzuk ere zehaztugabea da, baina derrigor egin behar da pluraleko komunztadura berarekin).

 

 

2/ Zenbatzaile zehaztugabetzat ‘izen kuantifikatzaileak’ ere har ditzakegu: pixka bat, apur bat, xorta bat, makina bat, pilo bat (piloa), mordo bat (mordoa)… Batzuk izen zenbakaitzekin doaz, eta beste batzuk, berriz, zenbakarriekin. Bada, horiekin ere aukera bi daude: singularrean edo pluralean egin daiteke komunztadura. Singularrean, arrazoi morfologikoagatik: izen kuantifikatzaile hori singularrean egoten delako (mordo bat, mordoa); pluralean, arrazoi semantikoagatik: sintagma osoaren esanahia plurala delako (‘ad sensum komunztadura esaten zaio horri; zentzuaren araberakoa, hain zuzen ere):

 

·         “Arazoaren nondik norakoak aurkezteko,  Mertxe Izquierdok paper mordo bat ipini ditu mahai gainean: 1995, 1998 eta 2003 urteetako sindikatuen agiriak eta egunkarietako fotokopiak” (pluralean)

·         Badakizu aste honetan Osasunaren aurka jokatzen dugula, ezta? Lagun mordo bat etorriko da bisitan, Benidormekoak, Iruñekoak...” (singularrean)

 

3/ Gaztelaniaz, esaterako, modu berean jokatzen da horrelako egiturekin. Guztiz parekoak dira ikuspuntu horretatik hizkuntza asko eta asko.  


·         Un tercio de los socios se {dieron/dio} de baja”

·         Buena parte de ellos {proceden/procede} de Portugal”

·         “Lo {ayudaron/ayudó} un par de policías”

·         “Una porción de entrevistados no {contestaron/contestó}”

·         “{Faltaron/Faltó} un montón de profesores a clase”

·         Se {juntaron/juntó}una docena de manifestantes”

·         “Una serie de niños se {accidentaron/accidentó}”

 

Oharra: Adibide guztiak Gramática descriptiva de la lengua española obra bikainean erosi ditugu (2768.-2769. or.)

 

Ingelesez ere, “A lot of animals have come into my house this year”: pluralean egiten da komunztadura; ez bagaude oker, kasu honetan ez dago komunztadura singularrean egiterik: A lot of animals has come into my house this year ez da zuzena. 



4/ Zenbakiak direnean, ordea, askoz ere arruntagoa da pluraleko komunztadura, baina singularrekoa ere ontzat ematen da. Gure aholkua da, dena dela, pluralean egitea beti komunztadura:


·         “Horretarako, konpromisoaren galderarekin zerikusia izan duten hiru idazlek mahai-ingurua osatuko dute: Itxaro Bordak, Laura Mintegik eta Juanjo Olasagarrek” (pluralean)

 


5/ Hainbat kontsulta heldu zaizkigu zenbatzaileekin komunztadura nola egiten den galdetzeko, bakoitza modu batean formulatuta. Dakizunez, kontsulta guztien erantzunak gure web-orrian zintzilikatzen ditugu, eta, beraz, bertan dituzu ikusgai. Dena dela, bidea erraztearren, hemen eskainiko dizkizugu erantzun horietara heltzeko estekak:


 “400 euro irabazi dugu/ditugu” / Zenbakiak eta komunztadura / Hainbat