Galdera

 

'Delicias del mundo': nola eman euskaraz? 

 

Data: 2014/01/22



Erantzuna

 

Munduko gutiziak.

 


1/ Horrelako zalantza bat dugun bakoitzean, Elhuyar eta Zehazki hiztegietara jotzen dugu hitz arruntak direnean, eta Euskalterm terminologia bankura hitz teknikoak direnean. Badaezpada, hiruretan kontsultatu dugu (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran dituzu, beste hiztegi askorekin batera, bi hiztegiok eta Euskalterm bera):


·        Ez Elhuyarren eta ez Zehazkin ere, ez da jasotzen nola eman gaztelaniazko delicia jateko gozagarriaren adieran.

·        Euskaltermen, berriz, topatu dugu delicia, hainbat sarreratan. Haietako bat ekarriko dizugu hona:


Gutizia beroak

Definizioa: Jaki-mokadu txikiak eta goxoak, prestaketa berezirik gabe leku bateko ezaugarri gisa prestatzen direnak.

Gazt.: delicias calientes     Fr.: délices chaudes

 

Dena dela, tentuz ibili behar dugu Euskaltermekin, gure azken urteotako historia honetan proposatu diren aukera guzti-guztiak biltzen baititu, zaharkituta geratu direnak edo desegokiak direnak ere bai; Euskaltermen bertsio gaurkotuan, berriz, forma batzuek termino normalizatua/gomendatua etiketa dute, eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela. Bada, delicias calientes = gutizia beroak terminoak horrelako etiketa du, eta, beraz, lasai asko erabili dezakezu hemendik aurrera. Bide batez esanda: Termino normalizatu hori, esaterako, Jatetxe, Taberna eta Kafetegien Hiztegia delakoan ageri da. 2009an argitaratu zen hitz zerrenda hori, eta bertan topatu ditzakezu zurea bezalako zalantza askorentzako erantzunak, edo hurbilekoak (beste hiztegi tekniko bat ere aholkatuko dizugu, abagunea aprobetxaturik: Hipermerkatuetako Produktuen Hiztegia).

 

2/ Beraz, uste dugu gutizia ordain bikaina dela delicia horren berri euskaraz emateko, eta sukaldaritza arloko hainbat terminotan erabili dezakezula:


Munduko gutiziak / Hiru gutiziako arroza / Ahate gutiziak / Bakailao gutiziak / Gutizia turkoak / Almendra gutiziak merenge txigortuarekin…