Galdera

 

Jatorrizko testua: Les agradeceríamos que transmitieran esta información a sus alumnos y que asimismo la expusieran en su tablón de anuncios.

Zuen itzulpena:
Informazio hau zuen ikasleen artean zabaldu eta baita zuen iragarki taulan jartzea ere eskertuko genizueke.


Data: 2014/01/30



Erantzuna

 

Gure proposamenak:


1. Eskertuko genizueke informazio hau (zuen) ikasleen artean zabaltzea(,) eta bai (zuen) iragarki taulan jartzea ere.

2. Helarazi iezaiezue informazio hau (zuen) ikasleei, eta jarri (zuen) iragarki taulan, mesedez. Eskerrik asko.

 


1/ Bi aukera eskaini dizkizuegu:

·        Lehenengoa, jatorrizkoaren eta zuen proposamenaren estiloa eta forma errespetatuta eraikia.

·        Bigarrena, mezu bera hainbat eta hainbat modutan eman daitekeenez, beste estilo bat eta beste sintaxi bat erabilita: agindu baten itxurarekin, leungarri bat (mesedez) txertatuta.

 

 


 2/ Bada zuzena zuen itzulpena? Gure ustez, dagoen-dagoenean, zabaldu jarri beharrean zabaltzea jartzea falta zaizue. Besterik ez.

Dena dela, gure lehen proposamena, batez ere hitzen ordenari dagokionez, nahiko desberdina da:

·        Aditzaren perpaus osagarria sinplea izan balitz  (esaterako, “Informazio hau zuen ikasleen artean zabaltzea (eskertuko genizueke)”), ez genuen seguruenik ezer aldatuko. Ontzat emango genizun, eta nahi izanez gero aditza aurreratu egin zenezakeela ohartarazi.

·        Aditzaren osagarrian bi perpaus (edo gehiago) daudenean, berriz, iruditzen zaigu egokiagoa dela aditza aurreratzea, hizkuntza mintzatuan egiten dugun bezala.

 


3/ Txikikeria batzuk:

·        Gure ustez, zuen posesiboa ez da beharrezkoa euskaraz. Erdaretan baino askoz gutxiago erabiltzen dira posesiboak euskaraz.

·        Gure lehen proposamenean, koma bat idatzi dezakezu nahi izanez gero, hobeto mugatzeko non amaitzen den lehen perpaus osagarria (edo non hasten den bigarrena).

·        Puntalakiloak garenez (barkatu!), eta baita (< eta bai eta) baino nahiago dugu eta bai lotura, juntagailua ez errepikatzearren, dotoreagoa delakoan.