Galdera

 

Konparazioak: Zuzena da “Karga negatiboa baino karga positiboa gehiago duenean, gorputza positiboa dela diogu” esaldia? 

 

Data: 2014/01/31



Erantzuna

 

Gure ustez, honela behar du: Karga negatibo baino karga positibo gehiago d(it)uenean, gorputza positiboa dela diogu.

 

1/ Kimikako adibideekin saiatuko gara azaltzen nola egiten diren euskaraz konparazioak. Hobeto ulertzeko, mendeko perpaus batean txertatu beharrean, perpaus nagusian emango dugu konparazioa.

 

Taula honek erakusten digu konparazio perpausen banaketa:

 

KONPARAZIOAK

Berdintasuna

Desberdintasuna

Nolakotasuna

¦

Kantitatea

¦

Modua

¦

Nolakotasuna

¦

Kantitatea

¦

Modua

¦

BEZAIN

ADINA

BESTE

BEZAINBAT

BEZALA

BAINO… -AGO

BAINO GEHIAGO

BAINO GUTXIAGO

EZ BEZALA

 

  Adibideak (benetakoak):

·        Oxigeno atomo batek 8 protoi eta 8 elektroi ditu; aluminio atomo batek, berriz, 12na protoi eta elektroi. Beraz, neutroak dira. Atomo guztietan, elektroi beste protoi daude, eta horregatik dira neutroak. (berdintasunezko konparazioa)

·        Eman dezagun orain oxigeno atomoak bi elektroi hartzen dituela, bi karga negatibo irabazten dituela. Orduan, protoi baino elektroi gehiago d(it)u, eta ioi negatibo bihurtzen da (O2–). Edo, bestela esanda, elektroi baino protoi gutxiago d(it)u, eta ioi negatibo bihurtzen da (O2–).  (desberdintasunezko konparazioa)

 ·        Eman dezagun, ordea, aluminio atomoak hiru elektroi galtzen dituela. Orduan, elektroi baino protoi gehiago d(it)u, eta ioi positibo bihurtzen da (Al3+). Edo, bestela esanda, protoi baino elektroi gutxiago d(it)u, eta ioi positibo bihurtzen da (Al3+).   (desberdintasunezko konparazioa)

 

2/ Asko-asko luzatu gintezke konparazio perpausak nola egiten diren azaltzen, eta haren gaineko xehetasunak ematen. Beraz, adibide batzuk eman, desberdintasunezko konparaziorako, eta saiatuko gara aldamenean azaltzen nola ulertu behar diren:

 

Nolakotasuna:

·        Arrankudiaga baino handiagoa da Bilbo  (Bilbok milaka biztanle ditu; Arrankudiagako biztanleria, berriz, ez da 1.000ra heltzen)

·        Zu baino beranduago etorri zen Mikel  (Zu 08:30ean heldu zinen, eta 08:55ean Mikel)

·        Elaiek edo enarek arinago egiten dute hegaz beleek baino (Elaiek (Hirundo rustica) 60 km/h-ko abiadura hartzen dute; beleek (Corvus corax), 50 km/h-koa)

·        Zu baino neska langileagoa da Miren  (Zu, gehienetan, jolasean ibiltzen zara; Mirenek, berriz, denbora asko ematen du lanean)

·        Beste inork baino zapata xelebreagoak erosten ditu auzoko batek  (Besteok zapata normalak erosten ditugu; auzoko horrek, berriz, kolore eta forma bitxi-bitxikoak, oso-oso deigarriak)

 

Kantitatea:

·        Zuk baino gehiago jan zuen Julenek  (Zuk entsalada bat eta txuleta bat jan zenuen; Julenek, berriz, plater handi bat makarroi eta txuleta bi!)

·        Bost euro gehiago dauzkazu zuk nik baino (Nik 35 € ditut; zuk, 40 €)

·        Amaiak espero zuen baino jende gutxiago etorri da jaialdira  (Amaiak uste zuen gutxienez 200 lagun etorriko zirela; baina 25 baino ez dira etorri azkenean)

·        Gol gutxiago sartu ditu Athleticek Barçak baino (Barçak 58 gol sartu ditu; Athleticek, 45)