Galdera

 

'-ko'/'-ren' atzizkiak: 'Doctor Deseoko gitarrista' ala 'Doctor Deseoren gitarrista'? 

 

Data: 2014/02/05



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak, baina askoz erabiliagoa da “Doctor Deseoko gitarrista”.

 

1/ «Askotan bi izenlagun motak dira zilegi; baina oso zaila da arau zehatza ematea, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU), I liburukian eta Euskal Gramatika Laburra delakoan esanaz haratago. Beraz, ikastolako iritzia / ikastolaren iritzia bikotean, "iritzia" pertsonena izaten den neurrian normalagoa dirudi ikastolaren iritzia beharko lukeela esatea; baina "(gure) ikastolan dagoen iritzia" adieran, esaterako, ikastolako iritzia onargarria izan daiteke. Euskaltegiko/-aren zuzendaria, HABEko/-ren zuzendaria; biek izan dezakete lekua»

Horra Miren Azkarate euskaltzainaren berbak, Jagonet kontsulta zerbitzura bidalitako (zuk egindakoa bezalako) galdera bati erantzuteko.

 

2/ Arau moduko batzuk, dena dela, eman litezke: egitura batzuetan, -ren atzizkia erabili behar da zalantzarik gabe; beste batzuetan, berriz, -ko atzizkia. Oso luze joko luke kasuistika osoa azaltzeak, eta nahiago izan dugu taulatxo bat eranstea atzizki horiek nola erabiltzen diren azaltzeko; gehienbat Igone Zabalaren “Izen-sintagma konplexuak: adjektiboen eta izenlagunen segidak” artikulutik (Zenbait Gai euskara teknikoaren inguruan, 1999, EHU) ateratako informazioarekin osatutako taula, hain zuzen ere.

 

3/ Zurea bezalako zalantzazko kasu batzuetan, sumatu daiteke joera batzuk egon badaudela. Esaterako, [Doctor Deseo + gitarrista] horren parekoak dira beste adibide hauek:


·        Athletic-eko jokalaria / Athletic-en jokalaria

·        PPko presidentea / PPren presidentea


Esperimentu bat egiteko proposatzen dizugu hemen: Kontsultatu ezazu zenbat aldiz ageri den Ereduzko Prosa Gaur corpusean [«X-ko jokalari-»] egitura, eta zenbat aldiz [«X-ren jokalari-»]; era berean, erkatu itzazu [«X-ko zinegotzi-»] eta [«X-ren zinegotzi-»] egituren maiztasunak. Argi eta garbi ikusiko duzu askoz ere maizago baliatzen dugula euskaldun gehienok -ko atzizkidun egitura, kasu horietarako.

Oharra: 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen ditu Ereduzko Prosa Gaur corpusak; oso erosoa da gaur egun bertan bilatzea, Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran dagoelarik.

 

Beraz, gure senari eta ohiturei jarraituta, [Doctor Deseo + gitarrista] josi behar bagenitu, honelako zerbait egingo genuke:


Zalantzarik gabe, Josi Jimenez eta Aitor Agiriano Toro” Doctor Deseoko musikariak bezain gitarrista bikainak  eduki nahi lituzkete talde askok eta askok