Galdera

 

'-tegi' / '-torio' atzizkiak: noiz zein?

 

Data: 2014/02/07



Erantzuna

 

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak zehazten du zein den hitz bakoitzaren forma zuzena. Atzizkiok noiz erabili ezartzen duen araurik ez dago, baina jarraibide orokor batzuk eman litezke.

 

 1/ Seguru asko, -tegi atzizkia izenei baino ez zitzaien itsasten garai batean.Halaxe sortu ziren honako berba hauek (Hiztegi Batutik jaso ditugu denak), besteak beste:

 

abeltegi = abere + tegi

ardandegi = ardo (*ardano) + tegi

ardotegi = ardo + tegi

arrandegi = arrain + tegi

behitegi = behi + tegi

erlategi = erle + tegi


 

Eta, molde horri jarraituz, berba nahiko berriak (neologismoak) ere sortu ditugu azken urteotan erronka berriei aurre egiteko:


fitxa = fitxa + tegi

erlojutegi = erloju + tegi


 

 

2/ Aditzoinei, gehienetan, izenak erantsi zaizkie, eta ez atzizkiak: pausaleku, sorleku, jarleku, jolastoki, geltoki, erakustoki, sortetxe, ikasgela, deklinabide, helmuga, idazmakina

Dena dela, -tegi atzizkia aditzoinei erantsita eraikitako berbak ere askotxo dira euskaran.Are gehiago: normalean, -tegi atzizkidun formarekin batera, toki, leku, etxe…izenekin eraikitako berbak ere topatuko ditugu:


biltegi (biltoki)

bizitegi (bizileku)

erretegi (erretoki)

ikastegi (ikastetxe, ikastola)

jantegi (jatetxe, jantoki)

saltegi (saltoki, saletxe)


 

3/ Mailegu berrietan, azken urteetan, joera desegokia izan da, kontsultan bertan aipatu diguzun moduan, erdarazko -torio (laboratorio), -terio (monasterio), -ería (lavandería) atzizkidun berbak -tegi atzizkiaren bidez euskaratzekoa. Baliteke gutxiagotasun konplexua izatea jokaera horren funtsa, erdal berbak bere horretan mailegatzea erdararekiko morrontza ageri-agerian uztea izango balitz bezala.

 

Hala sortu ziren monastegi, anbulategi, laborategi… Konturatu zaitez monastegi berbak, esaterako, ez duela egitura logikorik, lehen eta bigarren puntuetako adibideek ez bezala:

monastegi = ??? + tegi            (konparaziorako:mojategi = moja + tegi)

 

Horrexegatik dio Euskaltzaindiak bide okerra dela jokaera hori, eta baztertu egin beharko genituzkeela gaizki eratutako berba horiek guztiak. Dena dela, nahiz eta gaizki eratuta egon, oso-oso zabalduta zegoenez, onartu du laborategi forma euskara baturako, Hiztegi Batuan ikusi dezakezun bezala. Baina salbuespena da:

 

·         laboratorio/laboratoire = laborategi(gaizki eratutako neologismoa)

·         monasterio / monastère = monasterio(bere horretan mailegatutako berba)

·         lavandería / laverie = garbitegi, garbitoki, ikuztegi, garbigailutegi(euskarazko morfemekin osatutako berbak)