Galdera

 

“3 euroan” ala “3 eurotan”?

 

Data: 2014/02/07



Erantzuna

 

Biak onartzen ditu Euskaltzaindiak; beraz, zure hizkeratik hurbilena erabiltzeko aholkatzen dizugu: seguruenik, Bizkaitik idazten duzularik, “3 euroan”.

 

 

1/  Jagonet Euskaltzaindiaren zerbitzuan kontsulta honi egindako erantzunean, honako hauek aipatzen dira:

·         Galderak egiteko, berriz, forma hauek onartzen ditugu: Zenbatean? (ez *zenbatetan) edo Zenbat eurotan/euroan? (biak zuzenak). Jakina, ez dira onargarriak *zein euroan, *edozein euroan eta gisakoak.

·         Erantzunak eta, honela: 3 euroan/eurotan dago ardoa, 100 eurora/eurotara igo da salneurria, 500 eurotik/eurotatik gora ekarri (euroan, eurora, eurotik... zuzenak dira diru-kopuruak kantitate osoak direnean).

·         Txanponak: 1 euro (ahoz, euro bat esan), 2 euro, 1 euro(-)zentimo (ahoz, eurozentimo bat] esan), 2 euro(-)zentimo, 5 euro(-)zentimo, 10 euro(-)zentimo, 20 euro(-)zentimo eta 50 euro(-)zentimo.

·         Billeteak: 5 euro, 10 euro, 20 euro, 50 euro, 100 euro, 200 euro eta 500 euro. Jakina, 34. arauaren arabera, 10 euroko billetea eta abar hobesten ditugu.

 

 

2/ Forma bateko eta besteko maiztasunak neurtzeko kata bat egin dugu Ereduzko Prosa Gaur-en, eta hemen dituzu emaitzak:

 

Oharra: 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen ditu Ereduzko Prosa Gaur corpusak; oso erosoa da gaur egun bertan bilatzea, Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran dagoelarik.

 

Oso emaitza bitxiak dira: NON kasuan, erabilienean, -ta-dun formak dira nagusi; NONDIK eta NORA kasuetan, berriz, kontrakoa gertatzen da, harrigarria bada ere.

 

Beste moneta batzuekin ere egin dugu esperimentua:


 Beraz, esan liteke -ta-dun formak arrakasta gero eta handiagoa hartzen ari direla gaur egun. Dena dela, pezeta (laurleko)/ogerleko/sos/libera/marabedi… kontsultatu ditugu Orotariko Euskal Hiztegia hiztegi historikoan, eta esan liteke –kontu handiarekin esan ere–, jasotako adibideetan oinarrituta, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxienez -ta- gabeko formak erabiltzeko joarea zegoela, eta Ipar Euskal Herrian, aldiz, -ta-dunak:

 

Gurdi-sagarra lau pezetan.

Sei peztan tiña erosi.

Esan zion lau milla pesetan ura baiño ollar obia inguratuko ziola.

Eta guztia, etxe ta lur, ogei ta amar milla pezetan egon zan salgai.

Ogei pezetan ei dagoz [gaztaeak] Gerniken.

Erosi eutson koñetuari astua zortzi ogerlekuan.

Kontzez, sardiñak zertan dituzu?: Amalau maraberixan.

 

 

Arrasateko ola nagusiak artu zuan 240000 laurlekotan.

Erosten diotza berrogoi sosetan [...] galtza [...] batzuek.

Arnoa hiru sosetan baitzen orduan.

Sei sosetarat jautsia izan duk [ilea].

Ez ote dire benturaz saltzen bi xori ttipi bi marabeditan?

 

 

3/ EIMAk, bere Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburuan (112. or.), honela dio (liburu hori, EIMAren beste estilo liburu guztiak bezala, Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun irizpideak finkatzeko Aholku Batzordeak egina da):

«[…]Denbora adierazten duten sintagmetan ez ezik, beste nozio batzuetan ere singularra hobesten dugu:

 

Zenbat euroan saltzen da?”  

Hiru euroan erosi dut”»