Galdera

 

'Bazkaltzera noa' ala'bazkaltzen noa'?

 

Data: 2014/02/07



Erantzuna


Biak dira zuzenak. “Bazkaltzen noa” bizkaieraz esaten da, eta gainerako euskalkietan, “Bazkaltzera noa”.

 

 1/ Koldo Zuazok bere Euskalkiak: Herriaren lekukoak liburuan (Elkar, 2003) dioenez, «Aditz izenak mugimenduzko aditzen osagarri direnean, eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, NON kasuan (-ten) erabiltzen dira mendebal gehienean, ez NORA kasuan (-tera), Euskal Herri osoan bezala. Iurretako adibide honetan daukagu lekukotasuna:

etxera ikesTEN juen da

‘etxera ikastera joan da’»

 

(Gogoratu: Koldo Zuazok mendebaldeko euskara izena eman zion tradizioan bizkaiera esaten zitzaionari, Bizkaitik kanpoko euskalkia ere badelako).

Ez dakigu zehatz-mehatz zer hizkeratan jokatzen den horrela, baina ia seguru gaude Bizkai osoko erabilera dela, Arabako hizkeretakoa (Aramaio, Legutio…), eta bai Gipuzkoako bizkaieraren eremuko zenbait hizkeratakoa ere: Gatzagan eta Arrasaten, esaterako, -ten egiten da; Eibarren, berriz, -tera.

 

2/ Bizkaierazko hizkera batzuetan, ez aditz izenekin bakarrik: beste izen batzuekin ere berdintsu jokatzen da:

 

Lanera joan (orok.) → Beharrean joan (“Aita Ameriketara beharrean joan zenean, amagaz batera Arboliz auzora joan ziren Ibinaga auzora joan aurretik”)

 

Ogitara joan → Ogitan joan (uretan/periodikutan…)

 

 3/ “Bazkaltzera noa” eta “bazkaltzen noa” biak dira, beraz, euskara batuko formak. Noiz zein erabili, orduan? Zeuk aukeratu behar duzu, gure ustez.

Bizkaiko eskola batean, esaterako, inolako trabarik gabe erabili dezakezu “bazkaltzera noa” eta haren parekoak. Gutun edo artikulu bat idazten baduzu herriko aldizkarian (Durangon, edo Sopelan, edo Arrankudiagan), jo ezazu hurbilekora beldur barik. Berria egunkarian edo Argia astekarian zerbait idazten baduzu, printzipioz formarik zabalduena erabiltzea izango litzateke akaso logikoena: “bazkaltzera noa”